EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizarrek adierazi du Udal Legea onartzeko "aukera historikoa" dagoela, koalizioaren eta EAJren artean sei ataletan ados jartzea lortu ostean. "Ezin dugu ahaztu gure erkidegoa dela lege propiorik ez daukan bakarra, eta horrek ondorio kaltegarriak eragiten dizkiela gure udalei: estatuko legearen menpe geratzen dira, eta murrizketak egitera behartzen ditu".
Bihar bilduko da Eusko Legebiltzarrean Udal Legea aztertzeko lantaldea. EH Bilduk finantzaketaren atalean dagoen "korapiloa" askatzeko aukera dagoela uste du, eta horren garrantzia azpimarratu du. "Adostasun batera heltzea ezinbestekotzat jotzen dugu, arlo horretan aurrera egin ezean ezerezean geratuko liratekeelako Udal Legearen inguruan adostu ditugun gainontzeko puntu guztiak". Orain arte erabakitakoen arabera, "egindako eskumenen banaketarekin", udalek finantza baliabideak behar dituztela azaldu du Urizarrek.
Akordioa ixteko prestutasuna agertu du koalizioak, eta esan du EAJri helarazi dion eskaintza "serioa eta eraginkorra" dela. Azaldu dutenez, bi ardatz ditu haien eskaintzak. "Larrialdi Sozialeko Laguntzak eman ahal izateko udalei finantza baliabide nahikoak eskaintzea eta udalen finantzazioarekin zerikusia duten organo guztietan udalek hitzez eta botoz parte hartu ahal izatea".
Urizarren ustez, Udal Legea edukitzeko aukera "inoiz bano hurbilago" dago. "Erantzukizunez eta herri ikuspegiz jokatzeko unea da", gaineratu du.