EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Udal Legearen proiektuaren hainbat atalen inguruan, zehazki lehenengo sei kapituluen inguruan. Goizean bildu da Eusko Legebiltzarrean Udal Legearen egitasmoa eztabaidatzeaz arduratzen den lantaldea, eta bertan eman dute sei kapituluen inguruko erdibideko akordioaren berri bi taldeek, EH Bilduko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez. Nolanahi ere, legearen inguruko akordio orokorra oraindik ez dute lortu. Finantzaketa alorrean agertu dituzte bi aldeek iritzi kontrajarriak. Finantzaketarena hasieratik izan da akordiorako trabarik handiena, izan ere, EH Bilduk –eta baita PSEk ere– eskatzen dute udalei hitza eta botoa ematea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan. EAJk eta PPk, baina, ez dute sekula ongi ikusi bide hori.
EAJk eta EH Bilduk lortu duten akordioak, besteak beste, honako alor hauek jorratzen ditu: euskarari tratamendu "orekatua" ematea udal mailan, udal eskumenak "blindatzea" eta gardentasuna eta herritarren parte hartzea bermatzea udaletan.
Lantaldearen hurrengo bilera hilaren 23an izango da.