Bere saltegi txikiko barazki, fruitu eta esnekien artetik, Nati Picadok kezkaz jarraitu du Hondarribiko aireportua zabaltzearen inguruko albistea. «Gure saltegiarentzat ez du gauza handirik aldatuko, zarata gehiago izango dugula salbu». Autoen burrunba da Mendelu auzoko saltegi horretako lasaitasuna hausten duena. Hegazkin gehiago izanen den garaiak kezkatzen du Picado. «Etxea saldu ahal izanen duenak salduko du, eta saltzen ahal ez duenak zarata jasanen du».
Batzuek ez dute etxea saldu edo zarata jasan beharrik izanen, etxea botako baitiete. Ahoz aho dabil etxeak botatzearen inguruko kezka. «Etxe guztiak bota behar dituzte», dio saltegi horretatik hamar bat metrora dagoen tabernatik atera den neska batek. «Ez dakit nondik aurrera edo noraino, baina pista handitu behar dute, eta segurtasun gunea ezarri». Jendea bere onetik aterata dago. Ez du horrelakorik nahi. Logikoa da». Hondarribiko Udalak ere aurka dagoela berretsi du.
Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak jakin duenaren arabera, «hiru etxebizitza eta zenbait lantegi desjabetuko» dituzte. «Zeintzuk? Non? Nora eramango dira? Pista luzatzeko asmoak aurrera jarraitzen badu, zer gertatuko da inguruko gainontzeko industriekin?». Kezka horrekin daude Mendeluko biztanleak. Bospasei solairuko bizileku batzuk badaude industrien eta Irunen artean. Pista bera ez da eraikin horietaraino iritsiko, zati handi batean ez baita deus eraikia. Baina segurtasun neurriak errespetatzeko, zenbait etxe bota behar izanen dira, hala ere. «Posible da eraikinak mantentzea aireportu batetik hain hurbil? Galdera horiek airean dira, eta une hauetan ez dute erantzunik», erran zuen Kerejetak atzo eman zuen prentsaurrekoan.
«Mendeluko etxeak garaiegiak dira, eta ez dituzte baldintzak betetzen hegazkinak lurreratu ahal izateko», uste du Mendeluko tabernaren aurreko autobus geltokian zain dagoen andre batek. «Babes ofizialeko etxeak eraiki dituzte, eta orain ari dira ematen. Aireportua gainean daukate. Istripu bat gertatzen bada, hegazkinak etxeetara eroriko dira».
Bilera, alkatearekin
Hegazkinak herritarren gainera erortzeko arriskuaren handitzeaz abisu eman du ACE ingurumenaren aldeko elkarte lapurtarrak ere. Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko eledunak ere Mendelun «geratzen diren auzotar urrientzat segurtasuna gutxitzea» ekarriko duela salatu du. «Praktikan, Mendeluko auzoa desagertzea ekarriko du».
Kezkaturik dauden auzotarrekin bilduko da Hondarribiko alkatea asteartean. Aurreko bilera batean herritarrei erran zieten ez zela ezer eginen auzoari komentatu gabe, oroitarazi du autobus geltokian dagoen andreak. «Eta irratia entzunda jakin dugu».
Aitor Kerejeta alkateak ere ia-ia hedabideen bidez ukan zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioaren berri. «Bilera batera deituak izan ginen, eta bertan Espainiako Ministerioak Hondarribiko aireportuari buruz zituen asmoak zeintzuk ziren entzun behar genituen». Orduan ohartu zen akordioa jadanik izenpetua zela. «Bilerak 40 minutu bakarrik iraun zuen, eta aurretiaz eginda zegoen akordio baten berri eman zitzaigun, inongo xehetasunik gabe. Gainera, akordio hori egun berean komunikabide batean argitaratua agertu zen».
PSE-EEk salbu, Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek salatu dute «Udalarekiko leialtasun instituzional gabezia eta errespetu urria». Udaleko EAJ, Alkarbide, PP, EB eta EAE-ANV alderdiek adierazpen bat izenpetu dute, aireportuaren zabaltzearen aurka daudela berresteko. Kerejetak gogorarazi du 2007an aireportuaren zabaltzearen aurkako jarrera hartu zuela Hondarribiko Udalak. Aireportua ez luzatzeko salbuespenari eusteko eskatu du Udalak berriz ere, «legeak jaso egiten baitu, eta beste kasu batzuetan aplikatu izan baita».
Battitt Salaberri Hendaiako auzapeza Kerejetarekin bildu zen atzo. Oraino ez du jendaurreko adierazpenik egin nahi, lehenik zinegotziekin mintzatu nahi baitu. «Baina argi da kontra naizela. Jadanik bozkatua genuen kontra».
Irungo alkate Jose Antonio Santano proiektuarekin bat dator, Anaka auzoan mila etxebizitza eraikitzeko plana aurrera ateratzeko balio izanen duelakoan. Irungo bi andre kafesne bero bat hartzen ari dira Mendelu auzoko tabernan, kanpoko haize eta euri zaparradetatik babestuta. Haiek ere begi onez ikusten dute aireportuaren handitzea. «Niri iruditzen zait bizia ematen duela, gauza ona dela. Gero, hegazkin gehiago eta merkeagoak izanen dira».
Oraingoz ez da aipu hegaldi kopurua aldatzea. Orain arte bezala, Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldiak baizik ez dira izanen. ACE ingurumenaren aldeko elkarteak ez du sinesten. «Ez dugu uste Espainiako Sustapen Ministerioak eta AENAk horrelako zabalkunde bat diruz lagundu nahi dutela, errentagarri izatea bilatu gabe, hots, egunean hegaldi gehiago ezarri gabe».
Horrek gune horretako kutsadura areagotuko duela uste du ACEk. Kutsadura hori dela-eta Txingudiko naturgune babestuak izango dituen kalteen beldur da. Aireportua hegazti anitzen bilgune batean izateak arazo teknikoak ere sortzen dituela abisatu du. «Otsailean, hegazkin bat bat-batean gibelera itzuli behar izan zen, txori bat sartu baitzen erreaktorean. Lau urtean hiru aldiz gertatu da horrelako arazo bat». Eta badiara isurtzen den Jaitzubia erreka tapatuko lukepistak, zabaltzen badute. Mendeluko lantegien eta aireportuaren artean preso dagoen naturgune txiki hori ere egoera larrian izanen da, Hendaiara begira dauden hango barku txikiei ikusmira kenduko dietenean.
Udala aurka, auzoa izututa
PSE-EEk salbu, Hondarribiko alderdi guztiek gaitzetsi dute aireportuko pista luzatzea, eta Mendeluko herritarrek kezka bizia dute, etxeak botako dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu