Duela bi aste jaso zuten Orbaitzetako Udalean ariketa militarrak egingo zituztela-eta Espainiako Armadaren jakinarazpena. Udalak erabaki zuen militarrei herriko lurretan kanpatzeko baimenik ez ematea, eta, halaber, haien kamioiei mendi-bideetan ibiltzea debekatzea. Izan ere, Orbaitzetako Udaleko ordenantza baten arabera, pisu handiko ibilgailuek herriko etxearen baimena behar dute mendi bideetan ibiltzeko.
Espainiako Armadatik Orbaitzetako agintariei bidalitako oharraren arabera, atzo hasi behar zituzten ariketa militarrak. Hori dela eta, antimilitaristek kanpaldia egin zuten atzo Orbaitzetan, eta zinegotzietako batzuk ere parte hartu zuten. Egun osoa igaro zuten militarren zain, baina gaua heltzean haien berririk ez zegoenez, kanpaldia bertan behera uztea erabaki zuten. Ramontxo Gonzalez Orbaitzetako zinegotziak agertu duenez, Udalaren debekua aintzat hartu eta ariketak bertan behera utzi zituztela pentsatu zuten.
Udalak "neurriak" hartuko ditu
Gaur goizeko zortzietan, ordea, Espainiako Armadako sei kamioi handi, anbulantzia bat eta jeep bat agertu dira, eta haietan 160 bat soldadu. Gainera, Guardia Zibila iritsi da haien atzetik. Udal ordezkariak haiengana hurbildu eta kanpantzeko eta mendi bideetan ibiltzeko baimenik ez dutela ohartarazi diete. Gonzalezek azaldu duenez, ez diete kasurik egin, eta arazorik badute Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzan konpontzeko baino ez diete erantzun. "Adeitasun arrastorik ez dute erakutsi. Agurtu ere ez gaituzte egin. Bakar-bakarrik mugati dira esatera kexarik badugu Gobernuaren Ordezkaritzara joateko", zehaztu du.
Nolanahi ere, Orbaitzetako Udalak kontua ez duela honetan utziko iragarri du Gonzalezek; aitzitik, ariketa militarren kontra eskura duten guztia egingo dutela. "Egun guzti hauetan hemen ibiliko gara, eta behin eta berriz esango diegu ez dutela baimenik. Udalak, ahal dituen neurri guztiak hartuko ditu honen kontra, salaketak edo dena delakoak", azpimarratu du.
Ostirala arte dira ariketa militarrak egitekoak.
Espainiako Armada
Udalaren debekuari muzin eginez, Espainiako Armada Orbaitzetara sartu da ariketa militarrak egitera
Orbaitzetako (Nafarroa) Udalaren debekuari muzin eginez, Espainiako Armadako 160 bat soldadu heldu dira gaur herri hartara ariketa militarrak egitera. Soldaduak Guardia Zibilak lagunduta sartu dira herrira, eta alkateak eta zinegotziek kanpatzeko zein kamioiekin pistetan ibiltzeko baimenik ez zutela ohartarazi dieten arren, ez diete kasurik egin, eta auzia Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzarekin konpon dezatela erantzun diete. Antimilitaristek kanpaldia egin zuten atzo Orbaitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu