"Bukatu da amesgaiztoa", esan dute gaur Udalbiltza auziko kideek, baina adierazi dute Udalbiltzaren egitasmoa bera ez dela amaitu, eta "instituzioaren beharrezkotasuna aldarrikatzeko" jendaurreko ekitaldia egingo dute maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen ondoren. "Beti esan dugun bezala —orain epai baten zigilu eta guzti—, berriro diogu: Udalbiltza tresna baliagarria zela eta dela Euskal Herrian bake eta demokrazia egoera erdiesteko, eta Euskal Herria nazio bezala garatzeko. Tresna beharrezkoa, zilegia eta posiblea".
Lehengo astean bukatu zen auzia, fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteek Espainiako Auzitegi Nazionalaren urtarrilaren 20ko absoluzio epaiari helegiterik ez sartzea erabakitzean. Ondorioz, sententzia behin betiko eta irmo bihurtu zen. 2003ko apirilean hasi zen auzia.
Gaur agerraldia egin dute auzipetuta egon zirenek, eta ondoan izan dituzte ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko udal ordezkari batzuk, baita Bai Euskal Herriari, ESAIT, EHE, Lokarri, EHNE eta Hiruko kide batzuk ere. "Gaurkoa ez da agerraldi tipiko bat. Ez dakargu albiste berririk, baina bai albiste horri lotutako esker emate publikoa; baita etorkizunari itxaropenez eta gogotsu ekiteko deia ere", esan dute auzipetu izandakoek gaur, Donostian, eskerrak ematearekin batera. "Kalteak eginak geratzen dira, hala ere".