Udalbiltzak ekitaldia egin du gaur goizean Iruñean, eta Loren Arkotxa auzipetuak Euskal Herriko udal hautetsiei dei egin die Udalbiltza berriro indartzeko. Erakundea bultzatzeko bost ardatz aipatu ditu Arkotxak: gardentasuna, demokratikotasuna, parte hartzea, bazterketarik eza eta eskubide guztien errespetua.
Aurten absolbitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltza auzian auzipetutako guztiak, eta esker ona adierazi nahi izan dute gaurko ekitaldian. Xabier Oleaga eta Amaia Iztueta babes taldekoek eragileei eta herritarrei eman dizkiete eskerrak. Loren Arkotxak Udalbiltzan egindako lanak merezi izan duela esan du.
Jose Luis Elkororen bideo bat eman dute ekitaldian, ezin baitu bere herritik atera. Elkorok udalek duten garrantzia nabarmendu du bideoan, eta herritarrengandik gertuen dagoen erakundea dela azpimarratu du.
Ekitaldian Udalbiltzaren aurretik izan diren udalen arteko harremanak ekarri dituzte gogora, hala nola Elkorok berak 1976an gidatu zuen egitasmoa eta 1931n autonomia estatutu baterako udalek egin zuten proposamena. Udalbiltza fruitu eman zuen ekitaldia ere gogoratu dute; hain zuzen, hura gogoan egin dute gaur aurkezpena leku berean.
Udalbiltza sortzeko ekitaldia ere gogoan izan dute, eta egun horretan Bilboko Euskalduna jauregian Udalbiltzaren sorreran parte hartu zuten bost kidek ere parte hartu dute gaur: Gurutze Osak (Ondarroako hautetsia), Markel Arizmendik (Mutrikukoa), Lutxi Oxandabaratzek (Gamartekoa), Battist Amestoyk (Uztaritzekoa) eta Camino Mendiluzek (Altsasukoa).