Udalbiltza berrantolatzeko batzordea aurkeztu dute Iruñeko Baluarte aretoan. Zazpi herrialdeetako mila hautetsik baino gehiagok eman diote sostengua Udalbiltza berrantolatzeari, eta nabarmendu dute Euskal Herriko instituzio politiko bakarra beharrezkoa dela garai politiko berrian.
Igor Eguren Ordiziako alkateak, Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak eta Daniel Olzamendi Izpurako alkateak jakinarazi dute Udalbiltza berrantolatzeko batzorde bat osatuko dutela. Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakari ohiak ere hartu du hitza, eta Udalbiltza eta Udalbide batzearen aldeko deia egin du.
1999an Udalbiltza sortu zenean onartutako bost puntuetan oinarrituko da instituzio nazionala. Lehenak Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzen du. Udalbiltzaren helburua lurraldetasunean oinarriturik Euskal Herriaren egituraketa politikoa indartzea dela adierazten du bigarrenak. Hirugarren puntuak adierazten du Udalbiltza indarrak biltzeko asmoarekin sortzen dela horretarako maila nazionalean dinamika politikoak bultzatuz. Laugarren puntuak, berriz, udalen garrantzia nabarmentzen du. Azkenik, Udalbiltzak nazioartean Euskal Herria nazioa dela irudikatu eta aldarrikatuko duela dio.
Berrantolatze lanetan
Udalbiltza berriz ere antolatzeko asmotan, atxikimendu kanpaina abiatu zuten maiatzean berrosaketa lanetan ari diren hainbat hautetsik. Orduan 6.500 gutun bidali zizkieten hautetsiei, berrantolaketari atxikimendua emateko. "Lehenengo indar neurketa egingo dugu, tamaina hartuko diogu egitasmoari, eta ekarpenak biltzen hasiko gara", azaldu zuen Egurenek.
Sentsibilitate politiko guztietako hautetsiengana jo dutela azaldu dute, Euskal Herriko udalen erakundeak hasierako "espiritu" bera izateko.
Urte eta erdi igaro da Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurkako auziari buruzko absoluzio epaia eman zuela. Nazio instituzioan lan egiteagatik 2003an espetxeratu zituztenak kartzelaratzeko arrazoirik ez zela ebatzi zuen, eta Udalbiltza bera ere ez zela legetik kanpo jarri behar.
Epaiak Udalbiltzari jarduteko zilegitasuna aitortu izanak berriro piztu zuen Euskal Herri osoko udaletan oinarritutako nazio erakundea berpiztu beharrari buruzko hausnarketa.
Bigarren aldiz hazi nahian
1999ko otsailean Iruñeko Karlos III.a aretoan eman zioten hasiera Udalbiltza sortzeko prozesuari, eta, hilabete batzuk geroago, Bilboko Euskalduna jauregian hasi zuen bidea egiten Euskal Herriko lehen instituzio politiko nazionalak. 1998ko bake prozesuaren testuinguruan sortu zen Udalbiltza, eta Lizarra-Garaziko Akordioaren sinatzaileek sustatu zuten. 1999ko irailean, Bilboko Euskaldunan eginiko ekitaldian, alderdi abertzale guztietako ia 2.000 hautetsi bildu ziren. Jon Jauregi jeltzaleak irakurri zituen erakundearen sorreran bost oinarriak. Bake prozesuaren hausturak —1999ko azaroan—, baina, Udalbiltzaren zatiketa eragin zuen. Batetik, ezker abertzaleko hautetsiak, eta, bestetik, EAJko eta EAko hautetsiak.