Politika

Udalbiltza berrantolatzeko lanean hasiko da Nazio Garapen Biltzarra

Joan den asteburan Burlatan (Nafarroa) egindako Nazio Eztabaidaren ekarpen nagusien berri eman dute gaur antolatzaileek, hots, Nazio Garapenerako Biltzarreko kideek. Burlatako jardunaldietan sortutako ondorio nagusietako bat Udalbiltza berrantolatzeko beharra dela agertu dute, eta gai horren garrantziaz jabetuta, Nazio Garapenerako Biltzarrak lan lerro bat zabaldu duela berrantolaketa lantzeko.

2006ko azaroaren 4a
17:41
Entzun
Nazio garapenean instituzio eragingarriak ezinbestekoak direla agertu dute Eztabaidaguneko kideek, eta egun Udalbiltza dela nazio erakunde bakarra. Baina Udalbiltzaren egoera "argi gorria" pizteko modukoa dela iritzi diote, eta, ondorioz, eraikuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa dela Udalbiltza berrantolatzea. Erantzunkizuna, lehenik eta behin, Udalbiltzako hautetsi eta arduradun politikoena dela onartu arren, "erakundetzearen auzia euskal herritar ororena denez" lanketa hori egiten hasteko lerroa zabaltzea erabaki du Nazio Garapen Biltzarrak. Zehazki, batzorde bat jarriko dute abian Udalbiltzaren berrantolaketa eragileekin lantzen hasteko.

"Auzolan nazionala"

Udalbiltzaren berrantolateaz gain, auzolan nazionalaren antolaketa izan da Burlatako Eztabaidaren ekarpen handienetako bat. Agertu dutenez, nazio eraikuntzan aurrera egiteko, eta, batik bat, "Euskal Herriak eman behar dituen urrats berriek oinarri eta indar berriak behar dituztelako", auzolanaren garrantzia azpimarratu dute. Azken batean, Nazio Planean biltzen diren lehentasunak materialki hornitzeko eta herritarrek nazio eraikuntzan egin nahi dituzten ekarpenak bideratzeko antolatu nahi dute auzolan hori.

Beste zenbait proposamen ere egin ziren Burlatan; hala nola, Interneterako .eus domeinua sortzea, edo Aberri Egun Bateratua bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.