Udalbiltza inoiz baino beharrezkoagoa dela esan dute auzipetuek

Elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herritan auzipetuei babesa agertzeko, eta jaialdia egin dute Getarian

Erredakzioa
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Lehen nazio instituzioan egindako lanarekin harro, eta egungo testuinguru politikoari erreparatuta, horrelako erakunde bat are eta beharrezkoagoa dela sinetsita daude Udalbiltza auziko auzipetuak. Mezu hori helarazi zuen atzo Juan Carlos Alduntzin Udalbiltza auziko auzipetuak Getarian (Gipuzkoa), auzipetuen izenean. Haien aldeko jaia egin zuten Getarian, eta elkarretaratze ugari Euskal Herriko herrietan.

Eskerrak eman zituen denen izenean jasotzen ari diren babes andanagatik, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Madrilerako joan-etorriak latzak diren arren, esan zuen badakitela ez doazela bakarrik, «maleta bete elkartasun eramaten dugu». Eta auziaren nondik norakoak xehatu zizkien gero, Getariako plazan, jai giroan elkartu ziren ehundik gora laguni. Udalbiltza auziaren absurdoa ekarri zuen gogora, batez ere, aste honetako auzi saioak deskribatuta. Peritu gisa aritzen diren polizien txostenetatik egindako balantze eta interpretazioetan oinarrituta, Udalbiltza eta ETA nola lotzen dituzten azaldu zuen, inolako frogarik gabe, 21 lagun etakidetzat joz.

Txalo artean agurtu zuten Alduntzin. Baina ekitaldian izan zen besterik.

Txalaparta doinuekin hasi zen. Montetxio abesbatzak Nafarroako ereserkia abestu zuen gero. Jon Maia eta Uxue Alberdi bertsolariek bertsotan salatu zuten auzia eta babestu zituzten auzipetuak. Herriko dantzariek aurresku eta ikurrin dantzarekin agurtu zituzten bertan bildutakoak. Brak kantariak hainbat abestiz bertan bildutakoen belarriak gozatu ondoren, sagardo kupelaren albora jo zuten askok, parrillan egindako sardinak jan ostean, zintzurrak bustitzera.

Bihar, CAFen

Enpresa batzorde osoaren babesarekin, elkarretaratzea egingo dute bihar Beasainen, CAF enpresaren atarian, 11:00etatik 12:00etara.

Urriaren 25, 26 eta 27an jarraituko du epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Froga dokumentalak ikusiko dituzte aurrena, eta aldeen kalifikazioak etorriko dira horren ostean. Azken ondorioekin, sententziaren zain geratuko da auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.