UDALBILTZA

Udalbiltza "nazioa egiten joateko tresna politikoa" izango dela agindu du Aizpuruak

Udalbiltza berrosatzeko batzarra egiten ari dira Donostian. Hemeretzi kidek osatuko dute Udalbiltzaren zuzendaritza berria: Iratxe Lopez de Aberasturi, Maite Iturre eta Daniel Olzomendi izango dira lehendakariordeak. Aho batez onartu da zuzendaritza berria.

2013ko martxoaren 2a
18:50
Entzun

Udalbiltza Euskal Herriko Udalen eta hautetsien Biltzarra berrosatzeko batzarra egiten ari dira gaur goizean Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta, gaurko alean BERRIAk argitaratu bezala, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea izango da erakundeko presidentea. 19 kidek osatuko dute Udalbiltzaren zuzendaritza berria: Mertxe Aizpurua (lehendakaria), Iratxe Lopez de Aberasturi, Maite Iturre eta Daniel Olzomendi (lehendakariordeak), eta hiruna kide Arabatik, Bizkaitik, Nafarroa Garaitik, Gipuzkoatik eta Ipar Euskal Herritik. Aho batez onartu da zuzendaritza berria.

Biltzarrean, Euskal Herriaren diagnostikoa azaltzen duen bideoa eman dute: "Euskal identitatea eraginkortasunez hedatzeko denon arteko lana beharko da. Herri desegituratua gara; ezin elkar hartuta bizi. Eginkizun garrantzitsua dugu herri gisa egituratzen".

600 lagun pasa izan dira batzarrean, eta haietatik 563 hautetsiak ziren. Hiru gai zeuden bozkatzeko —Udalbiltzaren lehentasunak, zuzendaritza eta funtzionamendua—, eta hirurak onartu egin dira: aurreneko biak, aho batez; hirugarrenean, abstentzio batekin.

Hurrena, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hartu du hitza. “Gaur Euskal Herria eraikitzen ari gara, eta egun hau historian markatua geratuko da”, esan du. Gainera, eskerrak eman dizkie 1999an Udalbiltza sortu zutenei.

Maite Iturrek azaldu du erakundearen funtzionamendua nolakoa izango den. Hiru erabaki gune izango dira: Batzar Orokorra (kide guztiek osatzen dutena, erabaki gune nagusia), Nazio Gobernua (zuzendaritza, 19 lagunez osatua. Zeregin betearazlea izango du), eta lehendakaria. Gainera, arlokako komisioak ere osatuko dituzte.

Udalbiltzako presidente ohi Loren Arkotxaren eskutik jaso du aginte makila Mertxe Aizpuruak. Euskal Herria munduan kokatzeko lan egitera datorrela erakunde hau eta nazio eraikuntzarako deia egin du: “Udalbiltza berriro abian jarri dugun egun honetan dei bat egin nahiko nuke. Euskal herriko erakunde eragile hautetsi eta herritarrei nazio eraikuntzan inplika daitezen gonbitea egiten diet”.

"Erakunde parte hartzailea, irekia eta gardena" izateko konpromisoa agertu du Aizpuruak, eta Udalbiltza "nazioa egiten joateko tresna politikoa" izango dela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.