despopulazioa

Udalbiltzak 'Hauspotu, herriak bizituz' proiektua aurkeztu du despopulazioaren kontra

Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak sustatuko dituzte irisgarritasun, despopulazio eta langabezia arazoak dituzten eskualdeetan. Laguntza ekonomikoa eta teknikoa emango dute

Jabi Asurmendi, Gorka Julio eta Leire Udabe, proiektuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 24a
18:22
Entzun

Lurralde desoreka areagotzen ari da Euskal Herrian. Arazo hori identifikatua du Udalbiltzak, eta irtenbidea bilatzea erabaki du. Horretarako, Hauspotu, herriak bizituz programa aurkeztu dute gaur, Donostian. Bertan izan dira Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria eta Gorka Julio eta Leire Udabe, Koop 57 eta OlatuKoop taldeen ordezkariak hurrenez hurren. Izan ere, bi talde horien laguntzaz sustatuko ditu Udalbiltzak Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak, behar gehiena duten eskualdeetan. Ziurtatu dute Udalbiltzak «Euskal Herri mailako arazo larri horri Euskal Herri mailako erantzuna ematea» proposatzen duela. «Neurririk hartu ezean, egoerak ez du atzera bueltarik izanen», erantsi dute.

Egitasmoa «baldintza sozioekonomiko latzenak» dituzten eskualdeetan garatuko da, hau da, zerbitzuen irisgarritasun, despopulazio eta langabezia arazoak dituzten eremuetan. Helburua da zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada ematea eta lurralde desorekari buruzko kontzientzia garatzea. «Udalbiltzaren erronka izanen da eskualde horietako gizarte garapenari bultzada ematea», azpimarratu dute.

Aipatutako egoeran dauden bost eremutan abiatuko dute proiektua: Pirinio Kontinentalean –Nafarroa Beherea eta Zuberoa–; Pirinio Penintsularrean –Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangotzaldea eta Irunberri–; Nafarroa Erdigunean –Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar–; Araban –Mendialdea, Trebiñu eta Ibarrak–; eta Enkarterrietan.

Egitasmoa bi ardatz nagusitan banatu dute: babes ekonomikoa eta teknikoa. Mota bateko zein besteko laguntza eskainiko zaie Ekonomia sozial Eraldatzailearen ikuspuntua duten proiektu berriei eta dagoeneko martxan egon arren, aurrera egiteko babesa behar dutenei. «Besteak beste, zaintza, etxebizitza –lur eta eraikinen erabilerarako lagapen komunitarioetarako proiektuak–, agroekologia eta proiektu komunitarioak eta kolektiboak sustatuko dira», azaldu dute.

Babes teknikoari dagokionez, OlatuKoopek gidatutako sei formazio saio eskainiko dituzte: Agoitzen (Nafarroa), Argantzonen (Araba), Balmasedan (Bizkaia), Garesen (Nafarroa), Galozen (Nafarroa) eta Izuran (Nafarroa Beherea). Horietan, herritarrek ESE ezagutzeko parada izango dute, eta dagoeneneko martxan dauden hainbat proiekturen berri edukiko dute. Formazioa zazpigarren saio batekin amaituko dute. Bertan, aurreko saioetako parte hartzaileak elkartuko dira, eta sinergiak sortu eta kezkak partekatuko dituzte. Babes ekonomiakoren atalean, gehienez 250.000 euroko maileguak emango dizkie Koop57k ESEn oinarritzen diren proiektuei.

Aurrekariak  2013an

Udalbiltzak aurkeztu berri duen proiektuak badu aitzindari bat: Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak garatu zuena 2013 eta 2015 artean. «Oso emaitza baikorrak bildu ziren, eta horrenbestez, programa lurralde gehiagotara hedatzearen aldeko hautua egin du Udalbiltzak», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.