euskal herria

Udalbiltzak errespetua eskatu dio Eusko Legebiltzarrari, eta gogorarazi dio 1.400 hautetsi eta 168 alkate biltzen dituela

Aurreko ostegunean, Eusko Legebiltzarrak Eudelen aldeko lege proposamena onartu zuen, EAJren, PSEren, PPren eta UPDren botoekin —EH Bilduko legebiltzarkideak greban ziren—, eta esan zuten Udalbiltza ez dela demokratikoa eta plurala. Udalbiltzak, berriz, erakunde demokratikoa dela azpimarratu, eta batzera deitu ditu. Ekainaren 20an Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa aurkeztuko du Udalbiltzak. Bideoa: Udalbiltzaren mezua. [YouTube]http://youtu.be/THz1SzgVHzM[/YouTube]

2013ko ekainaren 5a
13:57
Entzun

Udalbiltzak gaur egin duen agerraldian adierazi du errespetatzen duela Legebiltzarraren erabakia, baina errespetua eskatu du berarentzat ere Eudelen aldeko lege proposamena onartu zuten alderdien aldetik. "Udalbiltza ere instituzio bat da, Euskal Herri mailakoa, udalek eta udal hautetsiek osatutakoa, eta, beraz, beste erakundeek errespetu bera izan diezaioten eskatzen dugu".

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria eta Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea izan dira agerraldian eta nabarmendu dute Udalbiltza herritarren borondate librean oinarrituriko hauteskundeen bidez hautaturiko udalek eta tokiko hautetsiek osatzen dutela: "Erakunde legitimo bat da". Azken batzarrean 1.200 hautetsi inguru izan ziren, baina Udalbiltzak esan du kopuru hori handitzeko lanean ari direla, eta 1.400 inguru direla orain. Horien artean, 168 alkate daude.

EAJk, PSEk, PPk eta UPDk onartu zuten proposamenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei eskatu zieten udal arloko gaietan Eudel har dezatela "solaskide lehentasunezko, legitimo, baliagarri eta eraginkor gisa", eta EAEko udal legean sar dezala "Eudelen izaera instituzionala".

Batzera deia

Udalbiltzak gogoratu du Eudelek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak biltzen dituela, eta Nafarroan ere badela udalen federazio bat, eta Ipar Euskal Herrian, Hautetsien Kontseilua eta Auzapezez Biltzarra. Udalbiltzak lurraldekako erakundeak aintzat hartzen dituela azpimarratu du, eta prest legokeela horiekin udalgintza gaiak aztertzeko, egokituz gero. Maiatzean bertan bilduta izan ziren bi erakundeak.

Baina Udalbiltza Euskal Herriko nazio instituzio bakarra dela gaineratu dute Aizpuruak eta Aberasturik, eta errespetua eskatzeaz gain, "Euskal Herria aintzat hartzen duen orori" dei egin diote eurekin batzeko eta lankidetzan aritzeko. 

Azkenik, Udalbiltzako ordezkariek aurreratu dute bi aste barru tokiko garapenerako eta kohesiorako egitura bat aurkeztuko duela: Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa. Aurkezpena ekainaren 20an izango da, Bilbon. Udalbiltzak nabarmendu du euren lehen proiektua izango dela, eta herritarrei eta eragileei zuzenduko zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.