EUSKAL HERRIA

Udalbiltzak Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa abiatuko du ostegunean

Finantzen gune esanguratsuan egingo du aurkezpena: Bilboko burtsan, Euskal Herrian dagoen burtsa bakarrean. Euskal Herriaren garapenerako, kohesiorako eta orekarako tresna izango da, eta 1999. urtean Zuberoa Garatuz proiektuarentzat bildutako diru poltsarekin abiatuko da.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko ekainaren 13a
14:10
Entzun

Udalbiltzak, martxoaren 2an berrantolaketarako egindako bileraren ondoren, proiektu zehatzak abiatzeari ekin dio. Datorren ostegunean aurkeztuko du lehena: Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa jarriko du martxan. Nazio eraikuntza praktikara eramatea du helburu, Maitane Nekaran eta Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako kideek azaldu dutenez. "Euskal Herria kohesionatu eta orekatu nahi dugu".

Proiektu zehatzak abiatzeko tresna izango da funtsa, eta dagoeneko eskuetan du hartarako lehen diru saila. 1999an Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurkako polizia operazioan Zuberoa Garatuz proiektuari kendutako 315.000 euroak. Auzitegiak Udalbiltza absolbitu zuenez, kendu zion dirua itzuli dio instituzioari, eta horixe izango du lanerako abiapuntu.

Ikur korporatiboa

Funtsaren ikur korporatiboa ere aurkeztu du Udalbiltzak, datorren asteko ekitaldiaren berri emateko agerraldian. Lauburuaren buru bat du logotipoak, "txikitik handira" lan egiteko asmoa irudikatzeko.

"Euskal Herria aintzat hartzen dutenei" deia egiteko ere baliatu du prentsaurrekoa; Udalbiltzara batzeko gonbitea egiteko hautetsiei, eta instituzioari laguntzeko gainontzekoei. Atxikimendua eman nahi duten hautetsiek www.udalbiltza.info webgunean eman dezakete, eta instituzioari buruzko informazioa ere bertan topa daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.