Udalbiltzako Nazio Gobernuak gaur egin du urte politikoko aurreneko bilera, Trebiñuko udaletxean. Ignacio Portilla alkate eta udalbiltzakideak hartu ditu Udalbiltzako zuzendaritzakideak. Konderri bereko Argantzun herrian ere izan dira, ikastolara bisita eginez. Trebiñun izan da, besteak beste, Mertxe Aizpurua nazio erakundeko lehendakaria.
Udalbiltzak dio datozen hilabeteetan "pisu nabarmena" emango diolari "lurraldeen arteko kohesioa sakontzeari". "Urte politikoari hasiera emateko Trebiñu hautatu izana Udalbiltzaren asmoaren adierazgarria da: euskal lurralde guztien arteko harremana eta lankidetza sendotzen lagundu nahi dugu, baita herritarren, eragile sozialen eta erakundeen artekoa ere. Eta Trebiñu adibide ona da; argi uzten digu Euskal Herri osoak inplikatu behar duela herrietako arazoei aurre egiteko", esan du nazio erakundeak, ohar baten bidez.
Trebiñu ofizialki Burgosen (Espainia) dago, geografikoki Araban dagoen arren. Trebiñuko eta Argantzungo udalek eta herritarrek, mozio eta galdeketa bidez, behin baino gehiagotan eskatu izan dute konderria Arabara batzeko; Eusko Legebiltzarra eta Udalbiltza ere eskaera bera eginak dira.
Udalbiltzak dioenez, konderrian gabezia nabarmenak dituzte zerbitzuen eta azpiegituren arloan. "Adibidez, Argantzungo ikastolak behar ekonomiko handiak ditu lehen hezkuntza ezarri ahal izateko". Maitane Nerekan Udalbiltzako hezkuntza arduradunak eta Xanti Kiroga erakundeko zuzendariak ikastola bisitatu dute, zuzendaritzak Trebiñun bilera egin aurretik. Xabier Arrieta Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Saioa Urizar Argantzungo ikastolako zuzendaria eta Jose Luis Sukia ikastolako egonkortasun arduradunarekin batu dira Nerekan eta Kiroga.