politika

Udalbiltzaren aurkako epaiketa salatzeko dinamika zabaldu egingo dute

Bai Udalbiltzari Sareak herrietan babes taldeak eratuko ditu, udaletan mozioak aurkeztuko ditu, ekainaren 12an elkarretaratze isilak egingo dira udaletxeen aurrean... 230 lagunek batzarra egin dute gaur Urretxun.

2010eko maiatzaren 29a
19:53
Entzun
Udalbiltza auzia salatzeko dinamika zabaltzeko konpromisoa hartu dute gaur Urretxun 230 hautetsik eta hautetsi ohik, Bai Udalbiltzari Sarearen batzarrean. Salaketa ahal den herri gehienetara eramatea hitzartu dute.



Labeaga aretoan egin dute bilera ehun herri baino gehiagoko ordezkariek, eta sentsibilitate politiko ezberdinak izan dira. Bat etorri dira Udalbiltza "instituzio legitimoa" dela eta bere lana ezin dela kriminalizatu esatean, "era guztietako instituzioak, lokalak, herrialde mailakoak zein nazio mailakoak sortu eta garatzea eskubide demokratiko oinarrizkoa delako".

Bai Udalbiltzari Sareko sostengatzaileek hurrengo asteetan herrietan auziari buruzko babes taldeak eratuko dituzte -ekainaren 11n aurkeztuko dituzte-, udaletxeetan mozioak sartuko dituzte, informazio-elkartasun-salaketa dinamikak gauzatuko dituzte, ekainaren 12an elkarretaratze isilak egingo dira udaletxeen aurrean...

Auzipetuek, gizarte eragileen babesarekin, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian. Hurrengo barikuan Bilbon egingo dute.

Uztailaren 15ean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 22 auzipetu daude, ETArekin harremana dutelakoan, eta Fiskaltzak haientzat 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.