Berdintasun Planak dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen kopurua %38 hazi da 2008. eta 2011. urteen artean; 49 ziren 2008an, eta 68 orain. Horrez gain, gaur egun beste hamabost udaletan plana prestatzen ari direla jakinarazi du, eta horrek %69ko hazkundea ekarriko luke. Ordea, plan horiek egiteko diru laguntza duten arren, plan horretan zehaztutakoa ekintzen bitartez garatzeko laguntza berezirik ez dagoela azaldu du Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak. Hori dela eta, berdintasun planik ez duten udalei abiaraz ditzatela eskatzeaz gain, plana dutenei "berdintasunean inbertitzeko" eskatu die.
EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren jarraipenaren berri eman zuen Landaidak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean. Jarraipen txostenak datu on batzuk agerian utzi dituen arren, "aurretik dagoen bidea" agerian uzten duten beste batzuk azalerazi ditu. Udaletako baliabide ekonomiko faltak berdintasun teknikarien jarduna baldintzatzen du, eta, horrez gain, teknikari horien eginkizunak finkatzeko prozesuan daudela erakutsi du.
Bestetik, planaren jarraipenak erakutsi du nola instituzio publikoek egiten dituzten ekintzak sentsibilizaziora eta informaziora bideratuta dauden, gehienbat. Ekintza horien hedapena "zabal samarra" izan dela azaldu du Landaidak, baina sentsibilizazio ekimenez gain "gizartean inpaktu handiagoa izango duten bestelako jarduerak" sustatzearen garrantzia nabarmendu du.
Landaidak jakinarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana prestatzen ari direla, eta aurten onartzeko itxaropena agertu zuen.
Emakunde
Udalen Berdintasun Planak %38 hazi dira, baina ez dute garatzeko laguntza zuzenik
EAEko Emakumeen eta Gizonen Berditasunerako V. Planaren jarraipenak egoeraren "argi-ilunak" islatzen dituela azaldu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu