Udalentzat eskuduntza eta diru gehiago eskatu du Juan Karlos Izagirrek

Hiriburuetako ordezkariek parte hartu dute erakundeen arteko bikoizketa aztertzeko batzordean

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen ustez, eskuduntza gehiago eman behar zaizkie udalei, herritarrei behar bezalako zerbitzuak eskaintzeko; eta, hori ahalbidetzeko, udalek diru gehiago jaso behar dute, haren ustez. Izan ere, Donostiako alkateak azaldu du beste erakundeei dagozkien ardurak, batzuetan, herriek hartu behar izaten dituztela, «halabeharrez». Esan du foru aldundiek eskuduntza ugari uzten dituztela udalen esku, baina askotan zerbitzuak gauzatzeko beste baliabiderik ez dietela eskaintzen. Izagirreren iritzian, erakundeen arteko koordinazio «egokiagoa» bilatu behar da bikoiztasuna saihesteko.

Patxi Lopez buru duen Lehendakaritzak urrian txosten bat aurkeztu zuen. Haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 403 milioi euro gastatzen dira erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzu bikoiztuetan. Izagirrek «lanerako tresnatzat» jo du txosten hori; hala ere, adierazi du ez dela «nahikoa», «gorabehera asko ez dituelako aztertzen». Erakundeen arteko bikoizketak aztertzen dituen Eusko Legebiltzarreko batzordean hartu zuten parte atzo Izagirrek, Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Andoni Aldekoa Bilboko udaleko ordezkariak.

Koordinazioa «ezinbestekoa»

Marotok uste du krisialdian bikoiztasunak saihestu egin behar direla. Horretarako, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea «ezinbestekoa» da, haren iritziz,eta ez dago zerbitzu publikoak zertan murriztu. Aldekoaren arabera, berriz, instituzioen egungo antolaketa «eraginkorra» da, nahiz eta hobetu beharreko «alde ilun» batzuk eduki. Bikoiztasunak badaudela onartu du, bainalegebiltzarrak txosten «alarmista» egin izana kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.