Bildu eta Aralar alderdietako ordezkarien aldeko botoekin hartu du Markina-Xemeingo udalak Ueman sartzeko erabakia. Herritarrek egin zieten eskaera euskararen plan estrategikoa garatzeko egindako bi lan saio irekietako batean.
Proposamena ordezkari politikoekin, udal teknikariekin eta herritarrekin landu zuten, hainbat saiotan, Uemak dituen helburu, asmo eta egitekoen inguruko informazioa zabaltzeko. Uemako ordezkariek ere partu hartu zuten. Kontrakotasunik ez zen agertu, eta Ueman sartzeko prozesuak aurrera jarraitu zuen atzo udalbatzara iritsi arte.
Markina-Xemein, udalerri euskalduna
Markina-Xemein Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean dago. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen %88 euskaldunak ziren eskualde horretan. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 26.421 biztanleetatik 22.895ek euskalduntzat zuten euren burua, 2.136k ia euskalduntzat eta 1.210ek erdalduntzat.
Markina-Xemeinek 5.024 biztanle ditu, eta herritarren %75ek baino gehiagok dakite euskaraz. Markina-Xemeinen euskara nagusi da, eta horrek euskararen arnasgune bihurtzen du herria. Aurrerantzean, arnasgune horiek zaindu eta hedatzeko, Uemako beste udalerriekin elkarlanean ariko da.