independentzia

Udalerri independentista izango da Larrabetzu, EH Bilduren botoekin

Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerri aldarrikatuko du udalak, herri batzorde batek eskatuta. Martxoaren 18an Independentzia Eguna ospatuko dute.

Larrabetzun iazko martxoaren 19ko galdeketan herritar batzuk bozkatzen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2018ko otsailaren 9a
19:39
Entzun

Larrabetzukoa (Bizkaia) izango da udal batek aldarrikatutako Euskal Herriko lehen udalerri independentista. Bertako bizilagun independentista batzuek osatutako herri batzordeak EH Bilduren eta EAJren udal taldeei proposamen bat helarazi zien urtarrilean, eta EH Bilduk soilik eman du aldeko iritzia, BERRIAk jakin duenez. EAJk esan du ados dagoela batzordearen idatziko gauza batzuekin, baina ez du esan eskaeraren alde dagoela. Martxoaren 18an Independentzia Eguna ospatuko dute Larrabetzun, eta EAJk dio jai egun horretan herritarrek izan behar dutela protagonista, ez alderdi politikoek.

Seguruenez, hil honen bukaerako udalbatzarrean joko du udalak "Larrabetzu Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerri". 11 hautetsietatik sei ditu EH Bilduk eta bost EAJk.

"Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dezan, burujabetza osoa izan behar duela uste dugu, eta burujabetza osoa gauzatzeko modu eraginkorrena estatu independentea eratzea dela", dio herri batzordeak aurkeztutako mozioaren idatziak. 

Herri batzordeak udalari eskatutakoa

1. Larrabetzuko Udalak Larrabetzu Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerri deklaratzea.

2. Bizkaiko udaletako alkate eta zinegotziak gonbidatzea martxoaren 18an, Independentzia Egunean, 13:30ean egingo den ekitaldira joan daitezen.

3. Larrabetzuko herritarrak martxoaren 18 ekitaldietan parte hartzera gonbidatzea.

Herri galdeketako emaitzari segida

Azkeneko lau urteetan Euskal Herrian estatus politikoari buruz egindako 180 galdeketatik bat Larrabetzun izan da —iazko martxoaren 19an, Gure Esku Dago-k sustatu eta herri plataforma batek antolatuta—, eta han atera zen emaitzari segida eman nahi izan dio independentisten herri batzordeak. "Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?" izan zen kontsultako galdera. Parte hartze handia lortu zuten: %58koa —batez bestekoa %23an doa—. %94,2k euskal estatuaren aldeko botoa eman zuten.

Bi mila lagun bizi dira Bizkaiko udalerri horretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.