Udaltzainen aldeko epaia kritikatu du SOS Arrazakeriak

Iruñean atxilotutako pertsona bati egindako tratu txarrengatik epaitu, eta sententziak errugabe jo ditu

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Epaileen ustez, errugabe. Sententzia batek Iruñeko bost udaltzain absolbitu egin ditu asteon. 2009an atxilotutako gazte etorkin bat jipoitzeagatik epaitu dituzte. SOS Arrazakeriak salatu zuen gertatutakoa, eta, epaiaren berri izan eta gero, gogor kritikatu du epaileen erabakia. Halako sententziek etorkinak baztertzen dituztela nabarmendu dute.

SOS Arrazakeriako kideek epaileek erabilitako argudioak gaitzetsi dituzte batez ere, erabateko sinesgarritasuna eman dietelako udaltzainei, « atxilotutako gazteak jasandako tratua bideo batean grabatuta gelditu arren». Irudietan ageri denarekin bat ez datorren interpretazioa egin du sententziak, SOS Arrazakeriako kideen ustez. «Eskuak lotuta zituen atxilotuak; zaplastekoak jaso zituen, kolpeak paretaren kontra. Epaileek, ordea, esan dute gazteak udaltzainak mehatxatu zituela, mugitu egiten zela udaltzainek eraman ez zezaten».

Are gehiago, sententziak dio zaplasteko bat «barkatzeko modukoa» dela, nahiz eta atxilo hartutako pertsonak eskuburdinak izan. «Horrek ez du erran nahi, polizia izanda ere, udaltzain batek ezin duenik erantzun bertze edozein pertsonak eginen lukeen moduan», zehazten du epaiak.

Sententziak jasotako argudioen artean, salaketa atxiloketa gertatu eta handik hilabetera aurkeztu izana nabarmendu dute epaileek. Haien ustez, «interes eskasa» erakusten du gazteak auziarekiko. SOS Arrazakeriakoek bertzelako irakurketa egin dute: «Errealitatea ikusteko hagitz modu ezberdinak ditugu. Epaileentzat interes eza dena, guretzat beldurra baita. Etorkinentzat ez da erraza salaketa bat jartzea, justiziak ez dituela babesten sentitzen dutelako».

Egindako ikerketek agerian uzten dute sentsazio horrek oinarria baduela. «Tratu txarrak salatzen direnean, antzekoa gertatzen da kasu gehienetan: barne ikerketa ez da egokia izaten, salaketak bazter uzten dira, eta epaiketa gertatzen denean, anitzetan, auzipetutako pertsonak absolbitu egiten dituzte».

SOS Arrazakeriak berretsi du gertatutakoaren inguruan Udaltzaingoak eta Iruñeko Udalak ardura badutela uste duela.

Arrazakeriaren aurkako astea

2009ko gertakaria etorkinen bizi-baldintzen gogortasunaren adibide bat da, SOS Arrazakeriako kidek nabarmendu dutenez. Baldintza horiek okerrera egin dute azken urtean, haien ustez, eta horrek premiazko bilakatzen du erakunde horren lana. Hogei urte bete berri ditu SOS Arrazakeriak Nafarroan.

Urteurren hori ospatuko du datorren astean, arrazakeriaren aurkako astearen bitartez. Hilaren 20an Heisser Cartagenak emanen du hitzaldia giza eskubideen inguruna; 21ean La Forteresse dokumentala emanen dute. 23an kontzertua eginen dute, eta 24an hamaiketakoa, Navarreriako plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.