Udan hasiko dira Nafarroan AHTaren bidea egiteko lanak, Castejon eta Alesbes artean

Alba kontseilariak esan du urtea amaitu baino lehen lanak hasita nahi dituztela Castejondik Iruñerako zati guztietan

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Makinak lanean hasteko egunak jartzeari ekin dio Nafarroako Gobernuak. AHTaren bidea egiten aurtengo udan hasiko direla jakinarazi du Laura Alba Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Garraio kontseilariak. Castejon-Alesbes zatian ekingo diete eraikuntza lanei. Proiektuak hartuko dituen lurren zerrenda atzo argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak. Miguel Sanzen gobernuaren iragarpenek diote martxoan behin betiko onartuko dutela lehen zatiaren proiektua, apirilean lanak eskainiko dituztela eta udan bertan hasiko direla makinak lanean, uztailean. Areago, Iruñeaz hegoaldeko zati guztiak —bost dira osotara— aurten bertan eskaini asmo dituzte.

Espainiako Gobernuarekin ituna egin eta hamar hilabetera egin du iragarpena Iruñeko gobernuak. Hartan adostu zutenez, AHTa pagatzeko dirua Nafarroak aurreratuko du, ondoren Madrilgo gobernuak itzultzekotan. 675 milioi euroko aurrekontua du lanak, eta Iruñeko gobernuak 387 milioi jarriko ditu aurretik; 2013an hasiko da Espainiako Gobernua dirutza hori itzultzen. Akordioan zehaztu zuten lanek 2015ean amaitu beharko dutela.

Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostutakoa betetzeko bidean «mugarri garrantzitsua» da kaltetutako lurren informazioa kaleratu izana, Albaren irudiko. Hiru herritako lurretatik pasatuko da AHTaren bidea Nafarroako korridoreko lehen zatian: Valtierratik, Cadreitatik eta Alesbestik. Kaltedunek hamabost eguneko epea dute alegazioak aurkezteko. Horiek gaindituta, eraikuntza lanetan hasiko dira. «Agerian geratu da Nafarroako Gobernua erabakitasunez ari dela lanean Espainiako Gobernuarekin egindako ituna betetzeko».

Zaragoza eta Miranda de Ebro (Espainia) arteko bidean, Iruñerako adarra izango du AHTak, eta hori da eraikitzen hasiko direna. Ordea, funtzionamenduan hastea beste kontu bat izango da. Castejonen hasiko da adarra, baina Zaragozatik harako bidea egiteko du Espainiako Gobernuak. Sustapen Ministerioak jasandako diru murrizteek eragina izan dute.

Gipuzkoarako lotura, zalantza

Iruñerainoko zatiak egiten aurten hastea espero du Nafarroako Gobernuak, baina argitzeko dago Gipuzkoarekin, alegia, Euskal Y-arekin, nondik lotuko duten bidea. Hiru aukera dituzte mahai gainean: Etxarri-Aranatz eta Zaldibia tunelean lotzea, Betelu eta Alegia artean egitea, eta Altsasu eta Ezkio-Itsaso lotzea. Lehen bi aukerek Aralarren tunel handiak egitea ekarriko lukete; hirugarren aukera Renferen egungo trenbidearen ondotik joango litzateke. Albak jakinarazi du zirriborro bat onartu duela eta zain dagoela Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuak zer esango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.