hauts isurketak

Udan Petronorren izandako isuri biak ez zirela arriskutsuak izan berretsi du Jaurlaritzak

Ana Oregi Ingurumen sailburuak Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politiken Batzordean eman ditu azalpenak, EH Bilduk eskatuta. Ez du argitu enpresari txosten zigortzailerik irekiko dioten isurien berri unean bertan ez emateagatik.

Muskizko Petronor plantako tximinia. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2015eko irailaren 30a
09:49
Entzun

Ekainaren 5ean eta uztailaren 15ean Petronorrek egindako kontrolik gabeko bi hauts isurketen inguruko azalpenak eman ditu Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuak. Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Poltiken Batzordean egin du berba, EH Bilduk eskatuta. Sailburuaren esanetan isurketa haiek ez zuten eraginik izan Muskiz, Abanto eta Zierbenako bizilagunen osasunean, teknikariek egindako ikerketak hala ondorioztatu zuelako. "Ezbeharraren berri jakin genuenean, Petronorrera joan ziren eta hautsen laginak hartu zituzten. Kokea eta katalizadorearen hautsa izan ziren".

EH Bilduko Dani Maezturen arabera, bi produktu horiek arriskutsuak dira. Repsolek egindako fitxak irakurri ditu berak esandakoa berresteko. Esaterako, kokea arnasteak bronkitis kronikoa eragin dezakeela aipatu du. Oregik balekotzat jo ditu fitxetan jasotakoak, baina isuriak geratu diren baldintzek eragina dutela erantzun dio Maezturi: "Fitxetako informaziotik abiatuta Ingurumen eta Osasun sailetako teknikariek aztertzen dute gertaera, eta ondorioztatu dute ez dela kaltegarria izan. Gure teknikariek egiten duten lanarekiko erabateko konfiantza daukat". 

Iaz isurketen berri berandu emateagatik Petronorri txosten zigortzaileak ireki zitzaizkiola ekarri du gogora Maeztuk. Azken bi isurietan ere hala jokatu duela salatu du: "Gauez gertatu dira istripuak eta ez diote Ingurumen Sailari jakinarazi. Biharamun goizean Sos Deietatik egindako dei baten bitartez jakin du Jaurlaritzak. Zergatik ez zaio txostenik irekiko?". Oregik ez du argituko zelan jokatuko duten. Ingurumen baimen bateratuak jasotako baldintzaren bat betetzen ez denean, Petronor zigortuko dela erantzun du. 

EAJ, PP eta PSEko bozeramaileek, berriz, "justifikaziorik gabeko alarma" sortzen ibiltzea leportatu diote EH Bilduri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.