Udazkenean, beste 28 gazte epaituko dituzte

Jardun politikoarekin loturik, ehun pertsona inguru daude epaiketaren zain.

jokin sagarzazu
2014ko ekainaren 12a
10:02
Entzun

Ez dira aurrenak, ezta azkenak ere. Atzo absolbitu zituztenen antzera, gazte ugarik egin beharko dute Madrilerako bidea datozen hilabeteetan. Eta, haiek bezala, herritar ugarik babestuta egingo dute. Eleak mugimenduak jakinarazi duenez, «udararen bueltan» beste «makroepaiketa» bat egingo dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. 28 dira auzi auzipetutako gazteak. Haiek ere izan ziren atxilotuak; torturak salatu zituzten, eta espetxeratuak izan ziren, Segi gazte erakundeko kide izateagatik; hori leporatuta. Baina gazteak soilik ez, ehundik gora daude oraindik ere jardun politikoarekin loturiko auzietan epaiketaren zain. Epailearen aurretik laster pasatzekoak dira, adibidez, EHAK eta ANV alderdien aurkako auziko 43ak.

Udazken beroa espero da, beraz, Auzitegi Nazionalean. Eta abokatuen aurreikuspenak betetzen badira, gazteak pasatuko dira aurrena. Espainiako Justiziak eta Poliziak ezker abertzalearen gazte mugimenduaren aurka 2007an abiatutako estrategiaren beste katebegi bat da epaiketa hori. Urte horretan, Auzitegi Gorenak «erakunde terrorista» izendatu zuen Segi, eta horrek atxiloketa eta epaiketa soka luzea ekarri du. Ordutik, 170etik gora gazte atxilotu dituzte.

2008an eta 2009an, eskualdeka egin zituzten lehen polizia operazioetan, dozenaka gazte atxilotu eta epaitu zituzten; eta zigortu, kasu gehienetan. Baina, 2009aren amaieran, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak urrats bat gehiago egin eta Hego Euskal Herri osora zabaldutako operazioak agindu zituen. Horietan lehena da atzo absoluzio epaia jaso zuten gazteen auzia.

Udazken honetan epaitzekoak diren beste 28 gazteak, berriz, urtebete geroago eginiko bi operaziotan atxilotu zituzten. Haiei ere Segiko buruzagi izatea leporatzen diete. 2010eko urriaren 22an izan zen aurreneko operazioa; hamalau lagun atxilotu zituzten, eta beste zortzik sarekadari izkin egitea lortu zuten. Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdia egin zuten, euren egoera salatzeko, eta, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsiren babesa jaso arren —etxean eman zieten aterpe—, 2011ko martxoan atxilotu zituzten. Operazio horretan atxilotutakoei gehitu behar zaizkie 2010eko abenduaren 16an atxilotutako beste sei —operazio berean, bi abokatu ere atxilotu zituzten—. Aurreneko operazioarekin loturiko 22ak eta bigarren operazioko 6ak auzi berean epaituko dituzte. Gaur-gaurkoz, baldintzapean aske dira denak.

'Herrikoen' ostean, Segura

Atzo, gazte mugimenduaren aurkako auziko epaia kaleratu zuen Auzitegi Nazionalak, eta laster jakinaraziko du denbora berean epaitu zuten herriko tabernen auzikoa. Soka bereko bi epaiketa egin dira jada, eta epai erabat desberdinak eman dituzte epaimahaiek: Bateragune auzian zigortu egin zituzten epaitutako zortzi lagunetatik bost, eta D3M eta Askatasuna auzian, berriz, absolbitu egin zituzten.

Herrikoen epaia jakinda, etorriko da 4/08 auzia edo EHAK-ANV auzia. 43 lagun daude auzipetuta. Baltasar Garzon epaileak hasi zuen auzia, 2007ko urriaren 4an Seguran (Gipuzkoa) bilduta zeuden Batasuneko 23 kide atxilotzeko aginduta. 2008ko otsailean, berriz, beste hamabi lagun atxilotu zituzten. Hamarna urteko zigorra eskatu du fiskaltzak, ETAko kide izatea leporatuta.

Epaiketarako egunik gabe, baina auzitegietan bidea egiten ari dira beste hiru erakunderen aurkako auziak: Askapena, Ekin eta Herrira. 2010eko irailean, zazpi lagun atxilotu zituzten Askapenako kide izateagatik, erakunde hori «ETAren nazioarteko aparatua» dela argudiatuta. 2011ko urtarrilean, berriz, hamar lagun atxilotu zituzten, Ekineko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide izatea egotzita; eta 2013ko irailaren 13an, beste 18, Herrira-ren aurkakoan, haiek ere ETAko kide izatea leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.