KONPONBIDE PROZESUA

Udazkenerako mahaia osatzeko baldintzak badaudela diote Imazek eta Otegik

EAJko eta Batasuneko ordezkariek bilera izan dute gaur Bilbon. EAJtik Josu Jon Imaz, Iñigo Urkullu eta Josune Ariztondo joan dira batzarrera, eta Batasunetik, berriz, Arnaldo Otegi, Rufi Etxebarria eta Arantza Santesteban. Bilera ostean EAJko presidenteak eta Batasuneko bozeramaileak esan dutenez “jada badaude elkarrizketa politikoa bideratzeko baldintzak”. Horregatik udazkenerako alderdien mahaia osatu daitekeela diote. Otegik zehaztu du PSE-EEkoek izan ezik gainerako alderdiek uste dutela alderdien mahaia osatzeko baldintzak badaudela.

2006ko uztailaren 28a
16:26
Entzun
Otegik azpimarratu du ezker abertzalearen jarduerak errespetatu behar direla; beti ere elkarrizketa aurrera eraman nahi bada: “ezin da elkarrizketa politikoa eraiki ezker abertzalearen aurkako jazarpen politiko eta juridikoak jarraitzen badu”. Batasuneko bozeramailearen ustetan helburua Euskal Herriko pluraltasuna errespetatuz akordio bat lortzea da, beti ere euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatuz: “Akordioak euskaldunok gure etorkizunari buruzko erabakiak hartzea bermatu beharko du”.

EAJko buruak, berriz,udazkenerako alderdien mahaiaren metodologia eta lan agenda eratzeko aukera dagoela esan du. Gainera Batasunaren legez kanporatzeak eragindako zailtasunak udazkenerako konpontzeko baldintzak egongo direla adierazi du. Imazek positibotzat jo du gaurko bilera eta akordio osatu baten aldeko apostua egin du.

Amaitze aldera, EAJko presidenteak PPkoei elkarrizketa politikoaren prozesuan parte hartzeko deia egin die: “alderdien elkarrizketetan alderdi popularra ere egotea nahi dut”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.