Euskara

Uemak dio "EAJren ekarpena ezinbestekoa" duela, Azpeitian kontra azaldu arren

Jeltzaleek Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari "erakunde paraleloa" deitu izanak haserrea eragin du honen zuzendaritzan.

2008ko apirilaren 16a
16:48
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) Udala apirilaren 5ean Ueman (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartu zen udalbatzarrean EAJk Uemari "erakunde paraleloa" deitu zion eta horrek mankomunitateko zuzendaritza haserretu egin du. "Argumentazio hori demagogikoa eta ez zuzena da, eta ezjakintasunean oinarritzen dela begitantzen zaigu. Bestetik, azken hamabi urtetan halakorik ez dugu Ueman entzun, eta harritu egin gaitu", esan du gaur Donostian prentsaurrekoan Uemako zuzendaritzak -EAE-ANVk, EAk, Aralarrek eta kide independenteak osatzen dute-.

Azpeitian EAE-ANV, EA eta Aralar Ueman sartzearen alde azaldu ziren; EAJ, kontra. Hala ere, Uemak jeltzaleen beharra ere baduela dio mankomunitateko zuzendaritzak. "Ezinbestekoa dugu EAJren ekarpena. Hortaz, EAJren elkarlana bilatzeko ahalegin zintzoa egingo dugu". Oraingoz, gaur aitortu du ez dakiela jarrera hori soilik Azpeitiko EAJrena den edo EAJ osoarena. Bilera eskatzekoak dira EAJko Euskara arduradunari.



"Administrazioak administrazioaren bideak jarraitu behar ditu, eta Eudelen baitan udal sarea sortuta dago. Eusko Jaurlaritzak baditu bere planak eta hoiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar, orain arte emandako pausoek emaitza onak eman dituzte-eta", zioen udalbatzar hartan Ana Mendizabal EAJko zinegotziak. "Beraz -dio Uemako zuzendaritzak-, Uema ez ei da erakunde publikoa -Azpeitiko Udala bezain publikoa denean-, eta, gainera, 'paraleloa' da".

Uemako zuzendaritzak esan duenez, EAJko ordezkariek "parte aktiboa" izan dute erakundeko zuzendaritzan azken hamabi urteetan eta, gehiengoa izan dutenean, mankomunitatearen lehendakaritza ere izan dute. "Hori gutxi balitz, Uemak indarrean dituen estatutuak EAJk gehiengo osoa eduki duen legealdian onartu dira eta Uemako 50 udalek banan-banan osoko bilkuretan ia aho batez onartutakoak dira". Bestetik, gainera, "jeltzale horiek ez datoz bat Jaurlaritzak egun indarrean duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin, non esaten den Uema zabaldu beharra dagoela udal euskaldunetan?".

Azpeitia izan da Uemako 53. herria da, eta bihar Mallabia (Bizkaia) da sartzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.