Uemak erakundean sartzeko diru arazoak dituzten herriei nola lagundu aztertuko du

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko asmoa azaldu dute beste 25 udalerri inguruk

ainara arratibel gascon
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskararen arnasguneak ugaritzea eta Iparraldeko eragileekin duten harremana berreskuratzea. Horiexek izango dira aurten Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak izango dituen erronka nagusiak. Hala erabaki zuten atzo mankomunitateko kideek Zumaian (Gipuzkoa) egindako batzarrean. Arnasgune horiek handitze aldera, mankomunitatean herri gehiago sartzea nahi dute. «Iazko hauteskundeen ostean, borondate politiko handia dute udal askok Ueman sartzeko», dio Maren Belastegik, Uemako lehendakariak. Baina udalerri horietako askok zailtasun ekonomikoak dituzte, eta, ondorioz, diru arazoak Uemako kuota ordaintzeko. «Horrenbestez, hemendik ekainera bitarte herri horiei nola lagundu aztertuko dugu».

Atzoko bileran aurtengo aurrekontua onartu zuten, baita iazko jardunaren inguruko azterketa egin ere. 2011. urtea berezia izan zen Uemarentzat, hogei urte bete baitzituen udalerrietan euskararen normalizazioaren alde lanean. «Urte oparoa izan zen, gainera, 61 kide izatera iritsi baikara. Gainera, zuzendaritza batzordean alderdi abertzale guztietako ordezkariak daude».

Bide horretan jarraitu nahi dute lanean, nabarmendu du Belastegik. «20-25 bat herrik Ueman sartzeko interesa dute, eta haiekin hitz egiten ari gara». Batzuek dagoeneko ordaindu dute sartzeko kuota, eta ekainean Goizuetan (Nafarroa) egingo duten urteko batzarretik aurrera izango dira bertako kide. Han egingo dute Uema Eguna ere.

Beste batzuek ere badute kide izateko nahia. Baina Ueman sartzeko, biztanleen araberako kuota bat ordaindu behar dute udalerriek, eta batzuek zailtasun ekonomikoak dituzte horretarako. «Badakigu krisialdiaren ondorioz egoera ekonomikoa ez dela erraza. Horregatik, zuzendaritza batzordeak konpromisoa hartu du herri horiei erakundean nola sartu laguntzeko proposamen bat aurkezteko». Asmo hori ekaineko batzarrean aurkeztu eta bozkatuko dute. 2013ra begira ere hainbat udalerri ari dira plangintzak prestatzen mankomunitateko kide izateko.

Eragileekin harremanak

Iparraldeko herririk ez dago oraingoz Ueman. Hori aldatzeko, hango eragileekin hasi dira hizketan. «Hori ere bada gure erronketako bat. Izan ere, gure eragin eremua handitu nahi dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Iparraldeko herriak egotea ere». Horrekin batera, eragile sozial nahiz politikoekin akordioak lortzeko, aurreko zuzendaritzak hasitako bidearekin ere jarraitu nahi dute.

Krisia ere eragiten ari zaio Uemari. Hala, harremanetan ari dira erakundeekin aurtengo laguntzak adosteko. Deialdi publikoen bidez izan beharrean, hitzarmen bidez izango dira. «Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin nahiz Nafarroako Gobernuarekin harremanetan gaude. Oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak borondatea erakutsi du horretarako. Haien lehentasunetako bat da euskara, eta jarrera ona dute. Besteekin hitz egiten ari gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, zein den haien erantzuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.