Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza datuak eman ditu gaur. Maren Belastegi Uemako lehendakariak azaldu du Osakidetzaren 2005-2011 euskara planeko helburuen %30 ez direla bete, eta Osakidetzako langileen %75ek ez dutela eskatutako euskara maila egiaztatua.
Belastegik salatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Uemako kide diren 57 udalerrietatik 28tan herritarrek arazoak dituztela osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko. 27 udalerritan familia medikuekin dituzte arazoak; hamabostetan, berriz, pediatrekin.
Guztira, Uemako kide diren hemezortzi herritan ez dago pediatra euskaldunik; herri horietan, osasun esparru publikoan gaztelaniaz egitera behartuta daude haurrak, herritarren gehienak euskaldunak diren eta udalerriak Uemako kide diren arren.
Nafarroako egoera, berriz, “oso kezkagarria” dela nabarmendu dute Uemako ordezkariek. Mankomunitateko kide diren herrialde horretako hamalau udalerrietatik bakar batek ere ez du osasun zerbitzua osorik euskaraz emateko bitartekorik.
Horren adibide gisa aurkeztu dute Bera, familiako medikuekin zein pediatrekin gaztelaniaz hitz egin beharra baitute bertako herritarrek.