Bukatu dira aurtengo Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) udako ikastaroak. Baionan, Eibarren eta Iruñean egin dituzte ikastaroak, ekainaren 26tik uztailaren 18ra arte. Ikastaroen arduradun Irati Iziarrek amaitu berri diren ikastaroen balorazioa egin du: «Sekulako arrakasta izan dugu: iaz baino ehun matrikula gehiago lortu ditugu». Iziarrek adierazi duenez,413 pertsona matrikulatu dira aurten ikastaroetan, iaz baino %31 gehiago. Ordezkariak uste du oro har bete egin direla helburu ekonomiko eta akademikoak.
Bestalde, 40 urte bete dituzte aurten UEUko ikastaroek. Iziarren hitzetan, «ospakizun gazi-gozoa» izan da aurtengoa: «Garai zailak pasatzen ari da UEU, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza kendu diolako». Zehaztu du neurri gogorrak hartu behar izan dituztela; jendea kaleratu behar izan dutela, eta oraindik lanean ari direnek lanaldi murriztua dutela. Egoera «latza» izan arren, Iziarrek esan du «gogoz, ilusioz eta asmo handiz» itzuliko direla ikastaroak, irailean.
UEUko udako ikastaroetan aurreko urtean baino ehun ikasle gehiago izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu