Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek adierazi duenez, herrialde horretako hondakinak Bizkaira eramateko hitzarmena ez berritzeak ez luke arazo larririk eragingo. Hain zuzen, «beste aukera batzuk» dituelako Gipuzkoak zaborra eramateko. Hortaz, beldurra zabaltzeari uzteko eskatu dio EAJri. Ugartek ohartarazi du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari dagokiola ituna luzatzeko eskaera egitea, eta, oraindik, aukera hori aztertzen ari dela.
PSE-EEk atez atekoaren aurka banatuko dituen eskuorriez ere hitz egin du Ugartek. PSE-EEk Informazioa emateko asmorik ez duela ziurtatu du diputazioko eledunak, eta erantsi du Bilduk zuzendutako udal gobernuen aurka egitea dela PSE-EEren asmoa: «Gaikako bilketa sistema ez da osasunaren aurkakoa, ezta atzeratua ere. Guztiz kontrakoa da. Etorkizuneko sistema dela iruditzen zaigu, aurrerakoia, eta ingurumenarekiko errespetua duena».
Eskaririk ez
Gipuzkoako hiri hondakinak Bizkaira eramateko hitzarmena berritzeko, hori egitea justifikatuko duten arrazoiak behar direla adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile Juan Maria Aburtok. Haren esanetan, Gipuzkoako diputazioa oraindik ez da Bizkaikoarekin harremanetan jarri itunaren luzapenaren inguruan hitz egiteko. Aburtok ohartarazi duenez, akordio «esplizitu» bat beharrezkoa da ituna berritzeko. Horrela egiten badute, urtebeterako luza dezakete hitzarmena; hiru urtez, gehienez. Ekainaren 12an iraungiko da diputazioen arteko ituna.
Ugarte: «Bizkaiaz gain, aukera handiagoa dugu»
Hondakinen hitzarmena luzatzea justifikatuko duten argudioak eskatu dizkio Bizkaiak Gipuzkoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu