Larraitz Ugartek dio Gipuzkoako Diputazioak ez duela egingo "Araban edo Bizkaian egiten ez den diskriminaziorik", eta jakinarazi du lurralde horietan “deskontu eta beherapen politikak” erabiltzen dituztela.
Ugarte Bizkaiko Diputazioaren ordezkariarekin batzartuko da gaur, Gipuzkoan ezarri nahi den autobide ordainketaren sistema berriaz mintzatzeko —Arabarekin eta Nafarroarekin batzartua da—.
Ugartek azpimarratu duenez, tarifen eta azpiegituren inguruko erabakiak hartzeko eskumena Gipuzkoako Batzar Nagusiena da, eta ez dute “bestelako babesik” behar. Bilerak "gainerako lurraldeekiko adeitasun keinua" direla argitu du, "etorkizunean koordinazio mahai bat sortu eta tarifa zein deskontu berberak" ezarri ahal izateko.
Gainerako lurraldeek Gipuzkoako tarifen inguruko politikak erabaki nahi izatea, Ugarteren ustez, "Gipuzkoak ez du ondo hartuko", gerora "gainerakoen inguruan iritzirik eman ezin badu". A-15 errepidearen adibideaz baliatu da, Gipuzkoako tartea doakoa baita, eta Nafarroakoa, berriz, ez.
Tarifen politika berria
Proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu Ugartek: ibilgailu arinei, hilero, gehienez 25 euro kobratuko zaizkie, eta gerora, foru aurrekontuen bitartez, ordainketa horiek gipuzkoarrei bueltatuko zaizkie. Funtsean, "gipuzkoarrak ordainketa hauetatik libre egongo dira", argitu du.