Bart iluntzean erruz egin du euria eta kazkabarra Tafalla inguruan (Nafarroa), 20:30 eta 21:20 artean metro koadroko 53 litro bota baitzituen. Horren ondorioz, urez gainezka egin dute herriko hainbat aparkalekuk eta etxabek. Errepidean ere arazoak eragin ditu denboraleak, auto-ilarak, errepide mozketak eta putzuak sortuta. Hala ere, etxebizitzetan ez da urik sartu, Cristina Sota alkatearen esanetan. Lan handia izan dute Tafallako udaltzainek eta suhiltzaileek, nahiz eta gertakari larririk ez gertatu.
Beste leku batzuetan ere antzeman zuten denboralea. Iruñean, ekaitzak tximista asko utzi zituen, baina ez hainbesteko euririk.
Eguraldi kaskarrak segida izango du gaur, Aemet Espainiako Meteorologia Institutuaren arabera. Alerta laranja eman du Nafarroa erdialdean, eta Tuterarantz joko du fronteak. Hala ere, eguerditik aurrera egoera baretzea espero da, zaparradak botako baditu ere. Bihartik aurrera egingo du hobera eguraldiak, euria ahul eginda.