Uholdeek eraginiko kalteak zuzentzeko, presazko obrak hasi dituzte Orian eta Urolan

Ura agentziak abiarazi ditu lanak Gipuzkoan, 708.000 euroko saila jarrita; mantentze lanak ere egiteko asmoa dute

Urola ibaia, urak oso hazita eta zaborra pilatuta, iragan azaroan, Zumaia inguruan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Iragan azaroko uholdeek eragindako kalteak zehaztu dituzte, eta konpontzen hasteko garaia dute orain. Ura agentziak jakinarazi du presako obrak abiarazi dituela Gipuzkoan, uholdeek eragindako kalterik handienak konpontzeko. Urola eta Oria ibaien inguruan egingo dituzte konponketa gehienak. 708.000 euroko diru saila jarri dute. Horrekin, konponketak ez ezik, mantentze lanak ere egingo dituztela jakinarazi du Urak.

Azaroaren 5eko eta 6ko euriteek Gipuzkoan eta Nafarroa Beherean eragin zituzten kalterik handienak. Urak nabarmendu duenez, horrelako uholderik ez da izan 1983tik. Ipar Euskal Herrian, hondamendi eremu izendatu dituzte sei herri: Nafarroa Behereko Arnegi, Ezterenzubi, Irulegi, Arrosa eta Uharte Garazi, eta Zuberoako Maule. Hego Euskal Herrian, ordea, ez da halakorik, Espainiako legeek ez dutelako aukera hori aintzat hartzen. Hala, kaltearen arabera, bide bat edo beste ari dira hartzen: kalte pribatuei dagokienez, adibidez, aseguru etxeetara jotzeko eskatu dute. Ibai inguruak konpontzeko lana hartu du bere gain Ura agentziak.

Oria ibaian izan ziren desmasiarik handienak. Baserri bide ugari hondatu ziren Andoainen eta Villabonan, eta horiek konpondu dituzte. Hala gertatu zen Berrobin eta Belauntzan ere, Zelai errekan —Orian bukatzen da—; baserri batzuetarako zubiak eraman eta horma ugari bota zituen urak, eta presaz eraiki behar izan dituzte. Ibarran eta Aian, zikinkeria handia pilatu zen, eta atera egin dute, urak pasatzeko modua izan dezan. Urola ibaiak Landetako industrialdean eman ditu lanak: erreka bazterreko lurra eraman egin zuen urak, eta agerian geratu ziren ur zikinen hodiak. Ur horiek ibaira ez isurtzeko, estali egin dituzte hodiak.

Uholdeek arazo handiak eragin zituzten Urumea aldean ere, dozenaka etxetan sartu zelako ura. Ibaian, hala ere, ez dute presazko aparteko lanik. Hernanin, Elorrabi inguruan, hondakinak atera beharko dituzte ibaitik. Oiartzun ibaian, berriz, Papresa presako hormak eraiki beharko dituzte, urak apurtu egin baitzituen. Luzera begirako lanak izango dituzte Martutenen: badute plan bat ibaia bideratzeko, eta hori aztertzen ari dira. Lan horiek egiteko hitza emana du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek.

448.370 euro jarriko dituzte presako obra horiek guztiak egiteko; gainerako dirua —220.100 euro— mantentze lanetarako izango da. Ibaietan pilatutako zuhaitzak, zaborra, harriak eta horrelakoak kenduko dituzte, lehen zegoen bezala uzteko uraren bidea. Nafarroako hainbat alkatek salatu zuten, hain zuzen, ibaietan mantentze lanik egin ez izanak handitu egin zuela uholdeen eragina.

Madrilen erantzunaren zain

Ibaien kalteak konpontzen ari da Ura, baina oraindik badago zer argitu. Ikusteko dago zer gertatuko den aseguru etxeek beren gain hartzen ez dituzten kalteekin. Espainiako Gobernuak laguntzak emateko dekretu bat egin zezakeela esan zuen Ramon Jauregi ministro ohiak, baina PSOEko gobernuak ez zuen egin; PPk ez du ezer esan. Zain daude Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.