Egunotako euri jasek hainbat lekutan eragin dituzte arazoak azken egunetan, Lapurdin, Nafarroa iparraldean zein Gipuzkoan, baina gaur, Gipuzkoakoak dira larrienak.
Batetik, Urumea ibaiak gainez egin du Donostia, Astigarraga eta Hernani inguruetan. Esate baterako, Astigarraga eta Hernani lotzen dituen errepidea moztuta egon da ura gainez eginda zegoelako, eta, halaber, ur putzu handi bat sortu da Astigarraga eta Donostia batzen dituen errepidean. Hernanin errugbi zelaia urpean geratu da, eta inguruko pareajeak ere bai. Horrenbetez, hainbat izan dira Astigarraga zein Hernanin urak hartu dituen loja eta garajeak.
Hala ere, kalterik handienak baratzeetan egin dituzte uholdeek. Urumearen ertzeetan, aipatutako inguru horretan, hainbat baserritarrek dituzte baratze eta negutegiak eta horietako asko hondatu ditu urak. Kalteak handiak direla diote baserritarrek, eta kezkatuta agertu dira 2004ko uholdeetan jasandako kalteen ordaina ez dietelako eman oraindik aseguru etxeek.
Oarsoaldeanere dezenteko arazoak izan dituzte gaur. Pasai Donibane errepidez guztiz bakartuta egon da gaur goizean: haitzak eta arbolak amildu dira Donibane Lezorekin zein Hondarribiarekin lotzen duten errepideetara, irtenbidea erabat galaraziz. 13:30etan lortu dute egoera konpontzea.
Baina Donibanen ez ezik, Pasai Antxon ere arazoak dituzte. Bizilagunek agertu dutenez, Oiartzun ibaiak gainez egin du, eta etxeen behealdeak eta lojak harrapatu ditu. Molinao auzoan izan dituzte uholde handienak. San Pedron, berriz, urpean geratu da frontoia. Lezon ere berdintsu ibili dira,lojetan eta garajeetan ura gainezka izan baitute. Gainera, lojetatik zenbait etxebizitzatara ere filtratu dela agertu dute udaltzainek.
Goiz guztian zehar arazo asko izan dira Gipuzkoako errepideetan, batik bat, Bidasoa, Oarso eta Donostia inguruetan. Suhiltzaileek hainbat irteera egin behar izan dituzte errepideetan ur putzu handiak zeudela-eta. N-1ean, Añorga parean, Irungo noranzkoan bide batek itxita jarraitzen du ur putzu handi bat dagoelako.
Ekaitza
Uholdeek kalte handiak eragin dizkietela agertu dute Urumeako arroko baserritarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu