Nafarroan uholdeek kalte handiak eragin dituzte azken asteetan, eta kaltetuta atera diren herriek bat egin dute kalteei aurre egiteko. Gaur bilera egin dute Milagro herrian, Elkarrizketa Mahaia osatzeko. Haien asmoa, Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari proposamen bateratua egitea da.
Elkarrizketa Mahaia Milagro, Villafranca, Caparroso, Miranda Arga, Funes, Lizarra, Tafalla, Pitillas, Tutera, Castejon eta Cortesek osatu dute. Beste herri kaltetuak Arguedas, Azagra, Beire, Berbintzana, Cabanillas, Cadreita, Faltzes, Fontellas, Fustiñana, Martzilla, Melida, Murillo el Cuende, Erriberri, Ribaforada, Santakara eta Valtierra dira, eta haien ordezkariak ere izan dira gaurko batzarrean.
Ibaiek gainezka egitean, azpiegituretan, nekazaritzan eta herrietako kaleetan hainbat kalte izan dira, eta ibaietako babesguneak ere hautsi egin dira. "Berehalako" konpobidea nahi dute.
Herri haietako ordezkariek egindako akordioaren arabera, ibaien garbitze lanak, dragatzea eta mantenua beharrezkoak dira, eta, horretaz gain, kaltetuentzat diru poltsa jartzea hitzartu dute.
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuaren lehendakariak esan du herriotako, Ebroko Ur Konfederazioko eta bere Gobernuko ordezkarien artean bilera egingo dutela hurrengo astean.
Uholdeak
Uholdeen ondorioz kaltetuta atera diren Nafarroako herriek bat egin dute
Elkarrizketa Mahaia osatu dute, eta Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari proposamen bateratua egingo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu