Nafarroan dago uholde arrisku gehien, eta, gainera, Pirinioetan elur-jausiak izateko arriskua dago. Hori guztia dela eta, Nafarroako Gobernuak Uholdeen Plana indarrean mantendu du, lehenengo fasean. Euskal Herriko beste herrialdeetan, berriz, egoerak nabarmen egin du hobera, baina gaurtik igandera bitartean euri zaparrada gogorrak botako dituela iragarri dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ere Uholdeen Plana indarrean mantendu du, badaezpada. Hiru fasetatik baxuenean mantendu du: zero fasean. Jakinarazi dutenez, euria, haizea eta itsasaldeko arriskuagatik eutsi dio alertari.
Gaurko eta astebururako euri zaparrada gogorrak iragarri dituzte, eta horrek eragin du badaezpadako fase horri eustea. Arrazoi bera dela medio, Añarbe (Gipuzkoa) eta Uribarri (Araba) urtegiek ateak zabaldu dituzte, urtegiaren maila jaisteko asmoz. Urtegiak beteta daude. Uribarrin, adibidez, 25 urtean izan duten ur kopuru handiena dute gaur egun, eta, atzo, esaterako, Gasteizen urte osoan edaten duten ur kopurua bildu zuten.
Nafarroako errekek sortzen dute kezka gehien. Ega eta Ebro ibaia dira oraintxe ardura handiena, gainezka egin dezaketela pentsatzen baitute.
Gaur goizean N-1 errepidean Ordizia eta Itsasondo artean harri batzuk erori dira, eta auto batzuek kalte arinak izan dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidea itxita egongo dela hamar egunez, lerradura handi baten ondorioz.
URAk jakinarazi du datorren astelehenean Gobela errekan obrak egingo dituela uholdeak saihesteko asmoz.