Ukrainan lehengo ostiraletik dagoeneko 63 lagun hil dira hotzaren ondorioz, hango Osasun Ministerioaren arabera. Haietatik 41 kalean zendu dira, hamalau etxean eta zortzi erietxeetan. Gaurko -29 graduko tenperatura iragarri dute, eta etzira arte -15 artekoa izango da.
Errumanian hamalau lagun hil dira azken egunetan. Covasnan —herrialdearen erdialdean—, 32,5 gradu azpitik dituzte. Elurraren ondorioz hainbat errepide moztuta daude Errumanian, makina bat herri isolatuta eta argindarra falta da nonahi. Gobernuak armada erabili behar izan du biktimei laguntzeko.
Polonian hotzak hamabost lagunen heriotza eragin du azken egunetan; haietatik bost atzotik zendu dira. Han ere hogei gradu azpitik dauzkate, eta 30 azpitik espero dituzte. Varsovian kalean berogailuak jarri dituzte.
Bulgarian bost lagun zendu dira, Serbian beste bost, Hungarian bat, Mazedonian beste bat... Lituanian —lau pertsona hil dira—, Errusia, Estonia edota Letonian ere hotz galanta daukate.