Udal bozek eskuinerantz mugitu dute Frantziako Estatuko eta hiri eta herrietako panorama politikoa. Hautesleek François Hollande presidentearen Alderdi Sozialista zigortu dute, eta gora egin dute, berriz, UMPk eta, batez ere, Fronte Nazionalak.
Bozkalekuak itxitakoan eginiko zundaketen arabera, botoen %4,78 eskuratu ditu Marine Le Penen Fronte Nazionalak, eta 229 herritan du bigarren itzulira igarotzeko aukera. 600 herri ingurutara aurkeztu zituen hautagaitzak ultraeskuinak. Besteak beste, Perpinya Ipar Kataluniako hiriburuan gehien bozkaturiko zerrenda izan da FN, botoen %34 eskuratuta.
%38,72koa izan da abstentzioa. Parisen, UMPko Nathalie Kosciusko Morizetek lortu du boto gehien (%35,64), nahiz eta PSko Anne Hidalgo zen faborito. Sozialistak botoen %34,4 eskuratu ditu.