POLITIKA

Ultraeskuindarren elkarretaratzearen aurkako protestari oldartu zaio Ertzaintza

Hamasei pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, eta bat zaurituta eraman du. Eguerdian Albiako lorategian elkartzen saiatu dira Falangeren kontrakoak, baina poliziek galarazi diete.

2012ko urriaren 12a
17:33
Entzun

13:30ean ziren iristekoak Espainiako talde ultraeskuindarrak Albiako lorategietara, Bilbora. Haiek iristerako istiluak zeuden  inguruetan. 12:00etarako elkarretaratzera deitu dute ultraeskuindarren aurka, baina Albiako lorategiak inguratuta zituen ordurako Ertzaintzak. Kale nagusian elkartu dira orduan, eta 13:00 aldera ahalegindu dira lorategietara joaten.

Orduan hasi dira liskarrak. Hainbat lagunek edukiontziak gurutzatu eta barrikadak jarri dituztela esan du Ertzaintzak, eta  oldartu eta hainbat pilotakada bota ditu, jendea sakabanatzeko. Gutxienez hamasei pertsona hartu ditu atxilo, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Horietako batek odoletan zuen ahoa.

Elkarretaratzea egitea lortu dutenak Falangekoak izan dira. Autobusez iritsi dira plazaraino 14:40 aldera, eta han egin dute ekitaldia. Hogei bat ultraeskuindar identifikatu ditu Ertzaintzak; izan ere, istiluak zirela eta, autobusetik jaistea galarazi diete ertzainek, eta horiek zenbait su itzalgailu hustu dituzte polizien aurka. Ekitaldian, alderdi "separatistak" legez kanpo uzteko eskatu dute. Cara al sol kantatu dute amaieran, keinu faxista egiten zuten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.