Gizartea

Umeak ere genero indarkeriaren biktimatzat hartuko dituzte

Adingabeen babesari buruzko legedia aldatu du Espainiako Gobernuak. Adoptatutako haurrek guraso biologikoei buruzko informazioa eskatzeko eskubidea izango dute.

Maite Asensio Lozano.
2014ko apirilaren 25a
11:04
Entzun

“Haurtzaroa eta umeen eskubideak indartzeko”, adingabeen babes juridikoaren erregimena aldatzea onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak. Batetik, sexu abusu eta genero indarkeria kasuetan zorrotzago jokatuko dute erakundeek. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen babes programetan beren seme-alabak txertatuko dituzte; bortizkeriaren hartzaile edota lekuko izan direnean, biktimizazio bikoitza saihesteaz ere mintzatu da Ana Mato Osasun eta Berdintasun ministroa, “testigantza behin eta berriro errepikatzen ibil ez daitezen”. Halaber, sexu askatasunaren aurkako delituen ondorioz zigortutakoek ezingo dute umeekin lotutako lanbideetan jardun.

Bestetik, umeen harrera eta adopzio prozesuak “bizkortzeko” hainbat neurri ere hartu ditu gobernuak. Egoitza harreraren aurretik, familietako harrera lehenetsiko dute; 3 urtetik beherakoekin ahalegin berezia egin nahi du, “egoitzetatik igaro ez daitezen”. Era berean, “adopzio irekia” deiturikoa arautu du Matok: “Adingabeek harreman motaren bat eduki ahal izango dute euren guraso biologikoekin”. Gainera, gurasoon nortasunaren eta historia medikoaren berri izateko eskubidea eman die haur adoptatuei; 18 urte betetzean eskatu ahalko dute informazio hori, baita adingabeek ere, “euren legezko ordezkarien bidez”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.