Donostiako Aste Nagusia azken txanpan sartzen ari da. Baina, oraindik ere, jaiaz gozatu nahi dutenek egitarau zabala dute aurretik.
Piraten kolektiboak Umeen Eguna antolatu du gaurko. Hala, etxeko txikiek normalean helduentzat izaten diren ekitaldiak egiteko aukera izango dute; besteak beste, txupinazo txikia eta Furgo poteoa (18:00etan). Hala ere, ziurrenik umeei ilusio gehien egingo diena abordatze txikia izango da. Bereziki umeentzako prestatu duten lehen abordatzea da, eta arriskuak saihesteko, itsasoan izan beharrean kaian puztu duten igerilekuan egiten ari dira.
Goizetik ekin diote adordatzea prestatzeari. La Flamenka gunera joan diren umeei, piraten kolektiboak mozorroa prestatzeko behar zuten materiala eskuragai jarri die. Horrela, edalontzi bat, soka eta egunkari papera erabiliz, garfioa egin dute. Ondoren, eskulana argizari margoekin apaindu dute. Nahi zuenak mozorroa txukuntzeko aukera ere izan du. Gainera, giroan bete-betean sartzeko, bozgorailuetatik haur piraten pailazo maiteenen abestiak entzun dituzte.
13:15 inguruan, txupina bota ondoren abiatu da entzierro txikia Ikatz kaletik. Hasi aurretik, sanferminetan egin ohi den bezala, santuari babesa eskatu diote pirata txikiek. Guztira, bost zezen beltz eta behi bat atera dira. Horiek adarrak izan beharrean, munizioz betetako ur pistolak zeramatzaten.
Bestalde, Aste Nagusian egunero ikus daitezke euskal dantzem emanaldiak. Gaur, Eskola dantza taldearen txanda da (20:00etan, Konstituzio plazan). Taldeak tradizioa eta koreografia uztartzen ditu, eta egitarau zabala prestatu du gaurko: ezpata dantza, uztai dantza, herribehera, arin-arina eta abar.
Musikari dagokionez, hip hop hotsek jantziko dute gaur gauean Donostiako Sagues ingurua. Gallinero All Stars talde donostiarrak joko du lehenik, eta Mala Rodriguezek jarraian. Hip hop doinuak eta flamenkoa abilezia handiz nahasten dituen emakumea da Mala. BERRIAri aitortu dionez, kaleko hizkuntza erabiltzen du bere abestien hitzetan eta "musikaren hizkuntza" abesteko orduan. Iazko Aste Nagusian, udalak azken unean bertan behera utzi zuen haren kontzertua.
La Flamenkan, On, Margot eta Tacumah Reggae Band taldeek emango dute kontzertua. Nautikoko DJ gunean, Kiki Sound (Kamikaze) izango da. Dantzatu nahi duen orok horretarako abagunea izango du Ai Ene erromeriaren (23:30ean, Konstituzio plazan) eta Azabache orkestraren (23:30ean, Easo plazan) eskutik.
Gaur First Class piroteknia etxeak (Alemania) botatako ditu su artifizialak.
Irutxuloko Hitza jaien jarraipena egiten ari da.