Eguzki Azkarate

"Umetan dakizun gauza bakarra da aita ez dagoela zurekin"

'Haur motxiladun' bat da Eguzki Azkarate. Aitak, gainera, gaixotasun kroniko bat du, eta 1992an gaitz horren larritasunagatik espetxetik atera bazuten ere, hobera egin ez duen arren, 2016tik preso dago berriro.

Eguzki Azkarate, Manu Azkarate presoaren semea. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2018ko urtarrilaren 13a
09:46
Entzun

17 urte beteko ditu laster Eguzki Azkaratek (Tolosa, 2001), eta, hiru hilabeteren ostean, egun horretan ikusiko du aita berriro, Madrilgo Alcala-Meco espetxean. Bihar, Bilbon izango da, Sarek antolatutako manifestazioan protagonismo berezia izango baitute haur motxiladunek. Haien artean izango da. “Nik uste dut motxilarenak oso ondo irudikatzen duela guk daramagun zama, bizkar gainera bota diguten zama”. Aita, Manu Azkarate, hirutan izan da kartzelan; bera jaio aurretik lehenengoz (1986-1992); 3 urte zituela bigarrenez (2004ko urtarriletik ekainera); eta 2016ko abendutik hirugarrenez. Poliziaren jazarpenagatik, 2011n Iparraldera ihes egin zuen Azkaratek, eta, euroagindua onartu zutenean, Marseillara joan zen, Frantziara. Eguzki Azkaratek bidaia asko egin ditu aitarekin egon ahal izateko.

Noiz ikusi duzu aita azkenekoz?

Urrian izan nuen azkeneko bisita. Alcala-Mecora anbulantziarekin joan eta preso gaixoen aldeko aldarrikapena egin zuten azaroan, kartzela horretan, nire aitaz gain, Ibon Iparragirre zegoelako. Bisita galdu nuen, beraz. Eta abenduan ere ezin izan nuen. Hurrengorako desiratzen nago; hilaren 29an joango naiz, nire urtebetetze egunean.

Zenbatero ikusten duzu?

Aurrez aurreko familia bisitetan egoten naiz aitarekin, hilean behin. Ordu eta erdi. Gela berean sartzen gaituzte hainbat familia; ez gara bakarrik egoten, baina uki dezaket behintzat. Kristalaren bestaldeko bisitak ez zaizkit gustatzen; normalki ez ditut egiten, lagunentzat uzten ditut.

Nola joaten zara Alcalara?

Amonarekin joaten naiz beti, hark ere egon nahi duelako semearekin. Osabak edo amak eramaten gaituzte, normalki. Beti autoan. 08:00etan atera, bisita 15:00ak inguruan, eta buelta 22:30ak aldera. Egun oso bat.

Hilean behin ikusten duzu aita, nahiz eta tartean telefono deiak izan… Zer sentimendurekin sartzen zara bisitara?

Telefonoz gutxi hitz egiten dugu. Aita prebentibo dago, eta gaixorik, gainera; beraz, abokatuarekin-eta maiz hitz egin behar du. Dei gutxi gelditzen zaizkio. Askotan, hilabete osoan aitarekin ia hitz egin gabe joaten naiz bisitara, baina umoretsu joaten naiz normalki, ilusioz, desiratzen aitarekin egoteko. Saiatzen naiz beti umore onez joaten eta aita animatzen.

Txikitan egon zinen arren, orain ezagutu duzu kartzela. Nolakoa da? Urduri sartzen zara?

Txikitako oroitzapenik ez dut, eta, etxean kartzelari buruz beti hitz egin izan den arren, arraroa egin zitzaidan barrura sartzea. Gogorra da. Denborarekin ohituz joaten zara, baina gogorra da oraindik; eta, sartzeko gogoa duzun arren, ez da samurra. Beti egoten da urduritasun puntu bat. Ezetz esaten dut, baina bai, urduri egoten naiz.

Nolakoak izaten dira bisitak?

Zer moduz gabiltzan eta ni zertan ari naizen jakitea gustatzen zaio aitari. Kartzelako kontu batzuk ere kontatzen dizkit, berak ere izaten baitu beharra barrua askatzeko. Eta gure gauzez, gure arteko harremanaz ere hitz egiten dugu. Nik 8 urte nituenetik ez dut aitarekin harreman normal bat izan; ez dugu asko hitz egin.

Erbestean egon zen. Orduan ere, bidaia egin behar, hura ikusteko.

Bai, Ziburun egon zen lehenengo; baina, haren kontrako euroagindua onartu zutenean, Marseillara alde egin zuen, eta oso urruti dago. Horrek are gehiago zaildu zuen aita-seme arteko harreman normal bat izatea. Beti egon gara gustura elkarrekin, beti joan izan naiz gogotsu bera ikustera; baina kontua da ezin duzula nahi beste ikusi, eta egoera ere ez dela normala.

Marseillara 850 kilometro daude. Bidaia luzea ume batentzat.

Erdibidean gelditzen ginen. Orduan, gutxienez, bazuen mugitzeko aukera; beti beldur pixka batekin, baina mugitzen zen. Gainera, behin haraino joanda, gaua egiten nuen berarekin, eta udan ere astebete pasatzen genuen elkarrekin. Gogorra zen, bai, baina orain okerragoa da.

Urteak daramatzazu bidaiatzen. Zuretzat zer da bidaia?

Jipoia da, eta beti joaten zara kezkatuta. Eguraldia, errepideko baldintzak, autoa bera nola joango den… Gertatu izan zaigu autoa matxuratu eta buelta hartu behar izatea ere. Bestetik, amorrua ere sentitzen dut. Zergatik joan behar dut nik haraino? Hemen ingresatuta egon zenean, pare bat bisita izan nituen Martutenen, eta ezin da konparatu. Trenez bakarrik joatea, bisita astero edukitzea… Dezente izorratzen du Alcalara joan beharrak. Eta nik zortea dut, Alcala ez baitago hain urrun ere; guk joan-etorrian behar duguna beste batzuek joateko soilik behar izaten dute. Umeen kasuan, gogorra da.

Zigor bezala bizi duzue?

Bai, guri ez dagokigun zigor bat jarri digute. Senideontzako zigorra da sakabanaketa, guk pairatzen dugu inork baino gehiago. Preso dagoenak ere sufritzen du, noski. Aita ez da lasaitzen gu kartzelan ikusten gaituen arte, eta, bueltan, urduri egoten da etxean ondo gaudela jakin arte; baina bidaia guk egiten dugu, istripuak guk izaten ditugu, guk galtzen ditugu asteburuak, eskola egunak…

16 urte dituzu orain, eta gehiago ulertzen duzu egoera, baina 8 urte zenituen aitak etxea utzi zuenean. Nola oroitzen duzu?

Adin horrekin ez duzu ia ezer ulertzen, eta kosta egiten da egoera asimilatzen. Amari galdera asko egiten nizkion arren, beste asko barruan gordetzen nituen, amak ere ez zuelako erantzunik hainbat galderarentzat. Pixkanaka joaten zara ulertzen, kontzientzia hartzen. Umetan dakizun gauza bakarra da aita ez dagoela zurekin, eta aita ikusteko momentu hori sekulako ilusioarekin bizi duzu.

Zure bizimodua baldintzatua sentitzen duzu?

Oso baldintzatua. Bisitak baldintzatzen zaitu: eskola egunak galtzea edo eskolaz kanpoko jarduerak galtzea eragiten dizu, lagunekin planak egitea eragozten dizu.

Bestetik, telefono deien kontua dago. Nik ez dakit noiz jasoko dudan aitaren deia, eta beti izaten dut telefonoa gainean, adi-adi aitaren deirik ez galtzeko.

Zure aitak, gainera, gaixotasun kroniko bat du. 1992an, gaitz horren larritasunagatik atera zen kartzelatik. 26 urte geroago, gaitzak hobera ez zuen egingo…

Gaitzak ez du hobera egiten; kontrolatuta eduki dezake, baina sendatu ez. Nahiko ondo dago orain, nahiz eta erizaintzako moduluan pasatzen dituen denboraldiak. Sendagaiak behar bezala hartzen ditu, asko zaintzen da. Baina ezin du jaso behar duen mediku arreta, ezta tratamendua behar bezala egin ere. Gure beldurra da edozein unetan oker litekeela egoera; ez dago bere esku, eta tronbo antzeko bat izan dezake. Oraingo egoeran, ez luke denborarik izango ospitalera iristeko. Eta, hori gertatzen bada, hil egingo da.

Kezka, beraz, etengabea da zuentzat.

Bai, eta horregatik esaten nizun telefonoarena. Kontua ez da bakarrik aitarekin hitz egiteko aukera galtzea, kontua da beti egoten garela kezka horrekin, eta kartzelako dei galdu bat ikustea… Tentsioa izugarria da. Zigor bikoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.