Umore gabeko iraultza, gorringo gabeko arrautza. Eta hala dabiltza Bilboko Konpartsak, esaera bereganatu eta egunetik egunera betetzen. Jai eredu herrikoi eta parte hartzailearen aldeko borrokaren harira azken urteetan Bilboko Udalarekin izandako tirabirak zuzentzeko itxurarik ez duen honetan, Konpartsero Eguna Areatzan egiteko debekuari umore eta ironia gehiagoz erantzun zioten atzo konpartsek. Hasteko, baimena ez izanda ere, betiko tokian ospatu zuten Aste Nagusiaren aurreko jai hori, «dagokion lekuan, prestatutako egitaraua betez». Eta, gainera, Iñaki Azkuna alkatea «oporretan bidaltzeko kanpaina» jarri zuten martxan.
Lastozko kapelak, alkandora loredunak eta eguzkitako betaurrekoak jantziak zituztela, harean xukadera zabaldu, flotagailuak puztu, eta palekin jolasten ari ziren konpartsetako kideak atzo Areatzan, agerraldia hasi zenean. Udari buruzko abestiak dantzatu eta kantatu ondoren iragarri zuten Azkuna oporretan bidaltzeko asmoa. «Merezi du», azaldu zuen Itziar Villafañez bozeramaileak, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea ere oporretan joan zela gogora ekarrita: «Nola da posible hain gutxi ekoizten duen pertsona bat guztion diruarekin parrandan joan izana, eta Berorren Udal Gorentasuna den Iñaki Azkuna jauna ez? Bilboko alkate izatea baino garrantzitsuagoa al da Espainiako errege izatea?».
Txantxarekin jarraiki, Azkunaren «bidaia eta egonaldia antolatzeko eta finantzatzeko konpromisoa» hartu zuten konpartsek. «Batzuk herria izendatzen tematzen diren arren, jendaila baino ez diren horien ekintzak ikusi, entzun eta usaindu behar izatetik libratu» nahi dute alkatea Aste Nagusian, eta horretarako ideiak eskatu dizkiete bilbotarrei. Konpartsen webgunean bidaia txeke baten moldeko formulario bat jarri dute, bertan ekarpenak egiteko; Aste Nagusiko asteazkenean jakinaraziko dute nora bidaliko duten alkatea oporretan.
Azkuna, haserre
Konpartsero Egunaren debekuari debekua bera eragin zuen jarrera berarekin erantzun diote konpartsek: ironiaz. Izan ere, asteartean esan zieten ezingo zutela jaia Areatzan egin, astelehenean emandako prentsaurrekoaren ostean: Azkuna munduko alkaterik onena izendatzeko kanpainarekin bat egin, eta ikur bat eskatu zuten haren omenez, baita Bilboren izena aldatu eta Azkunopolis izendatzeko ere.
Bada, asteleheneko txantxari erantzundako jarrera berarekin erantzun dio alkateak atzokoari: haserre. Uko egin dio konpartsen «probokazioan» erortzeari, baina ez da isildu: «Hauek HBren orbitakoak dira gehienak, eta arazoak eragiten jarraitzen dute».
Konpartsero Eguna baimenik gabe ospatu dutela gogora ekarri du Azkunak. Udaltzainek ohartarazpena egin zieten atzo goizean Areatzan zeudenei, eta alkateak berretsi du txostena irekiko diela, «legea urratzen dutenekin egiten den bezala». «Umore handia dutela diote Bilboko Konpartsek; beraz, espero dut kirol legez hartuko dutela txostena; niri buruz horrelakoak esaten dituztenean nik egiten dudan bezala», erantsi du.
Edonola ere, Azkunak ukatu egin du Konpartsero Eguna Areatzan egitea baimendu ez izana konpartsen aurkako erasoa dela. Jarduera guztiak atera nahi ditu leku horretatik: «Areatza ezin da egon astebururo txosnek eta haimek okupatuta; hemendik aurrera, bilbotarren eta bisitarien atseginerako izango da».
Umorez erantzun diote konpartsek debekuari
Konpartsero Eguna Areatzan ospatu dute, baimenik izan ez arren, eta Azkunak iragarri du txostena irekiko diela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu