politika

Unai Ortuzar hautagai duen korronteak PSEren hauteskundeak bertan behera uzteko eskatu dio PSOEri

Berritu Sozialistak-ek argudiatu du Idoia Mendia eta lurraldeetako beste idazkariak alderdiaren baliabideak ari direla erabiltzen kanpaina egiteko, eta beste hautagaitzei afiliatuengana iristea oztopatzen dietela. Idoia Mendiak gaur aurkeztu du bere hautagaitza.

Unai Ortuzar, erdian, Berritu taldeko beste kideekin batera. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 12a
07:21
Entzun

Berritu Sozialistak PSEko korronte politikoak Francisco Alvarez Barral bozeramailearen bitartez adierazi du PSEko idazkaritzarako eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko idazkaritzetarako hauteskundeak bertan behera uzteko eskatu diola PSOEri. Argudiatu du hauteskunde prozesu horiek ez dituztela betetzen primarioetako eta Espainiako Konstituzioko arauak, ez dutelako berdintasuna bermatzen. Zehaztu du hauteskundeetako egutegia PSEko batzordeak finkatu duela, eta horrek ofizialak ez diren beste hautagaitzei afiliatuengana iristea oztopatzen diela, nahikoa denbora ez dutelakoan. Horregatik inpugnatu dituzte.

Berritu Sozialistak korrenteak larunbatean egin zuen bere batzarra Barakaldon (Bizkaia), eta aurreko egunetan PSEko batzordeak onartutako hauteskunde prozesuak aztertu zituzten. Berritu Sozialistak korronteak Unai Ortuzar du PSEko idazkari izateko hautagai, eta Bizkaian Julian Zelaia aurkeztuko du Mikel Torresi idazkaritza kentzeko. Aurkeztu ahal izateko beharrezkoa dute 500 abal aurkeztea, militanteen %10. "Horri gaineratu behar zaio alderdiak ez duela afiliatuengana hurbiltzen uzten, eta iragarritako hautagaitzei ez diela uzten egoitzak erabiltzen. Bitartean, gaur egungo idazkaritza nagusiak hilabeteak daramatza alderdiaren baliabideak erabiltzen, esate baterako, sare sozialak eta Whatsappeko taldea".

Alvarez Barralek dio agerikoa dela PSEko primarioak gaur egungo zuzendaritzak osatzen dituztenek irabazteko bideratuta daudela. Hain zuzen, gaur aurkeztu du bere hautagaitza Idoia Mendia orain arteko idazkari nagusiak. Esan du bere asmoa "duela hiru urte hasitako alderdiaren berrikuntzarekin jarraitzea" dela eta erakundeetako gobernuetan PSEk duen funtzioan sakokntzea. Idoia! Gure Bermea da Mendiaren leloa, eta Artxanda mendian aurkeztu du (Bizkaia) 1936ko gerran Bilbo defendatu zutenen omenez dagoen eskulturan.

"Duela hiru urte pauso bat eman nuen aurrera egoera zehatz gabe batean PSEko buru izateko, eta orain esan dezaket PSE Euskadi osoan ari dela gobernatzen". Berea sozialismo "baliagarria" dela esan du, "benetako ezkerra eta herritar guztien garapenaren erreferentzia". Aurkezpenean nabarmendu du "terrorismoaren mehatxua gaindituta" gazte gehiago ari direla PSEn afiliatzen, eta Pedro Sanchezek PSOEn eragin duen "ilusioa" baliatu behar dela "herrietako elkarte sozialistei bizia emateko eta politika kalera ateratzeko". Duela aste batzuk egin ziren PSOEko idazkari nagusia izendatzeko hauteskundeak eta Sanchezek irabazi zuen;  Mendiak Patxi Lopez babestu zuen. Mendiak ez dago Podemosek Rajoyren aurka aurkeztu duen zentsura mozioa babestearen alde, eta esan du hainbat urtez Espainiako "borrokan" arreta jarri ondoren, orain arreta 2019ko udal hauteskundeetan jartzeko garaia dela.

Ortuzar eta Mendiaren arteko eztabaida nagusia PSEk azken urteetan EAJrekin egin dituen akordioak izango da. Mendiak bere kudeaketaren ikur modura aurkeztu ditu, eta Ortuzarrek kritikatu egin ditu, bai edukiagatik, baita militanteei galdetu gabe sinatu dituelako PSEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.