Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak egin die elkarrizketa ETAko kideei, eta horren hasieran galdetu die, ETAren "ohiko erregistroa ez izan arren", erabakiaren ondorengo sentimenduez. Hau da elkarrizketatuen erantzuna, hitzez hitz:
"Ez da erraza barruan duguna azaltzea. Sentimendu asko pilatzen dira. Horrelako erabaki historiko batek erakunde honen parte diren eta izan diren burkide guztiak ekartzen dizkizu gogora. Borrokak betiko eraman dizkigun kideak. Oraindik preso daudenak. Euskal Herriko lurralde osoan ETA lagundu duten herritarrak. Ezker abertzaleko kideak. Gogora ekartzen dizkigu borrokaren une latzak, une zailak, sufrimendua. Eta baita kideekin bizi izandako une ederrak ere. Borrokak eman dizkigun pozak eta sortu dizkigun etsipenak.
Ardura sentimendu handia dago. Kide horiengatik, Euskal Herriagatik, askapen borrokagatik. Baita poza eta harrotasuna ere, erakunde honek bere txikitasunetik orain arte egin duen guztiarengatik. Konbentzimendua eta ilusioa, askapen borrokari zabaldu zaion agertoki berriarengatik. Gure seme-alabei askatasunezko etorkizuna eskaini ahal izateko itxaropena.
Eta zergatik ukatu, bada zerbait galdu dugun sentimendua, Euskal Herrian jende askok izan duen berdina. ETA ez delako soilik ETA osatzen dugun kideok. ETA, batez ere, herriarena da. Orain arteko bideak gu guztion bizitza markatu du. Izaera bat eman digu, nortasun bat. Euskal Herriari eman dio. Eta askapen borrokari bultzada emateko erabakia dela jakin arren, zaila da pilatutako sentimenduen barne korapilo hori ekiditea".