Gizartea dinamikoa da, eta etengabe aldatzen da, baina ikastetxeei zaila zaie aldaketa horietara egokitzea. Halaxe azaldu du Joaquin Gairinek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Pedagogiako katedradunak. Ikastetxeen antolakuntza «egokiago» baten bitartez behar horri heltzeko giltzak eman ditu Ikastolen Elkarteak antolatutako XVIII. Jardunaldi Pedagogikoetan.
Ikastetxeen antolaketa gizartearen beharretara egokitu al da?
Ikastetxeen antolaketa aldatu da, baina ez zait iruditzen nahikoa aldatu denik. Hizkuntza akademia batek taldeak osatzerakoan duen erraztasuna ez da ikastetxeetan ematen, adibidez. Oztopo nagusiak ez dira legeak, ohiturak baizik. Egiturak oso kontserbadoreak dira, eta oso zaila da orain arteko ereduaren barruan malgutasunik lortzea.
Eta zergatik ez da orain arteko eredua behar bezala garatu?
Sistemak berak ez du utzi hori garatzen. Ikastetxeek aukera gutxi izan dute antolatzeko. Autonomia apur bat duen arte ezin du ezer egin, eta ikastetxeen antolaketa aldatu ez bada, horregatik izan da. Ordea, autonomia eman arren aldaketarik egin ez duten ikastetxeak badaude, ordura arteko bideari eustea erosoa zelako.
Nola apur daiteke irteerarik gabeko egoera hori?
Galdera garrantzitsua beste bat da. Eskola guztientzat bera den marko baten barruan zergatik egiten dute batzuek besteek baino gehiago? Eragile ezberdinak daudelako, eta irakasleen garapen profesionala garrantzitsuenetako bat da. Lanbide horretan daudenek etengabe bilatu behar dute zer egin daitekeen hobetzeko.
Ikastetxearen antolaketaren malgutasun falta aipatu duzu. Adibiderik jartzerik bai?
Lehen Hezkuntzan, DBHn eta unibertsitatean aldaketa gutxi dago. Adibidez, ordutegietan ia ez dago aldaketarik. Ordea, zergatik ez ireki asteburuetan? Zergatik ez eman herritar guztiei bertan sartzeko aukera? Estruktura independente bihurtu dira, eta horrek isolatu egin ditu, neurri batean.
Nondik has daiteke aldaketa?
Gizarte batek behar dituen aldaketen inguruan, herritarrengandik gertu dauden organizazioak dira ondoen erantzun dezaketenak. Ikuspuntu horretan garrantzitsua da ikastetxeen autonomia errespetatzea.
Askatasun gehiago ematea?
Ez dut esaten nahi dutena egiten utzi behar zaienik, baizik eta autonomia gehiago izan behar dutela, eta, horrekin batera, gizartearen aurrean gehiagotan kontu eman. Agintariek erantzun uniformeak bilatu dituzte askotan, baina geroz eta aniztasun gehiago dago gure gizartean.
Curriculum propioa lantzeak aniztasunera gerturatzen lagun al dezake?
Gero eta zentzu gehiago du modu globalean pentsatu eta lokalean lan egiteko ideiak. Dena den, bi ideia horiek ez daude kontrajarrita. Lehen Hezkuntzan eta DBHn nortasuna eraikitzeko tokian tokikora jo beharko litzateke. Ikaslea hazi ahala ikuspuntua zabaltzearen aldekoa naiz, kanpora ikastera joan arte, adibidez.
Etorkizuneko herritarrak prestatzeko helburua izan arren etorkizunera begirako beharrek tokirik ez dutela nabarmendu duzu hitzaldian.
Horrez gain, unean uneko beharrek galarazi egiten dute luzera begira planifikatzea. Premiazko gaiek garrantzitsuak diren gaiak estaltzen dituzte. Etengabeko beharrak ditugu, eta ez dugu geure burua behartzen etorkizuneko testuinguru horretan pentsaraztera. Eredu kontserbadoreak segurtasuna ematen du, eta nolabaiteko kontrola bermatzen digu. Eredu berriek ziurgabetasuna eragiten dute.
Denbora falta al dago ikastetxeen antolaketan?
Oro har, agenda arazoa dago gure gizartean, eta denbora mugatu batean lehentasunak zehaztu behar dira. Ikastetxeen barruan ez da tarte bat gordetzen etorkizunera begirako hausnarketarako.
Denbora falta hori dela eta, nola uztar daiteke aurretik aipatutako lan hori? Gai garrantzitsuen aukeraketa, tokiko beharretara egokitzea...
Erabaki zehatz batek eragina izan dezake, baina beste ekintzekin batera ematen bada, aldaketa oraindik ere handiagoa izan daiteke. Ikasketa programan, ikastetxeko antolaketan, irakasleen trebakuntzan eta ikastetxearen komunitatean lan eginez gero, erabateko aldaketa egin daiteke. Eskola bakoitzak nahi dituen aldaketak eragiteko laguntzak bilatu behar ditu lau eremu horietan.
Joaquin Gairin. Pedagogian katedraduna
«Unean uneko beharrek galarazi egiten dute luzera begira planifikatzea»
Ikastetxeek lan egiteko autonomia handiagoa izatearen alde dago Gairin; haren ustez, horren bidez aukera izango da tokian tokiko beharretara egokitu eta kalitate hobea eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu