Atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkinza Batzordean sortu zen liskarraren eragile nagusiak PP eta PSE izan zirela argi dauka EAko legebiltzarkide eta Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Intxaurragak. Gogoratu duenez, haiek piztu zuten ika-mika, hainbat hilabetetan Unibertsitate Legearen inguruko ponentzian hainbat zuzenketa eta ekarpen egin eta gero, guztiak atzera botatzea erabaki baitzuten Batzordearen atzoko bilkuran. Ondorioz, Jaurlaritzako Hirukoaren —EAJ, EA eta EB-IUren— zein SAren babesa baino ez luke izango lege proiektuak aurrera eginez gero. "Zoritxarrez, alderdi batzuk Aznarrek Europan bezala jokatzen dute; hau da, beren ekimenak aurrera eraman ordez, besteen ekimenen kontra egiten dute.PPk eta PSEk irudikatu nahi izan zuten ponentzian aurrera ateratakoa ez zela beren legea, eta horrek piztu zuen arazoa", esan du Intxaurragak.
Ildo horretatik, unibertsitatearen interesak aintzat hartu ordez, PP eta PSEko ordezkariek beren alderdienak baino ez zituztela kontuan izan azpimarratu du EAko legebiltzarkideak, eta euskal unibertsitatearentzat ezinbestekoa dela ahalik eta lasterren lege horrek aurrera egitea. "Euskal unibertsitateek lege bat behar dute, eta horregatik, konpromisoa hartu behar dugu ponentzian adostutakoa aurrera eramateko. Formulak badaude eta aurrera eraman behar da. Konpromisoa hori izan behar da", adierazi du.
Markel Olano EAJko zuzendaritzako kidea bat etorri da Intxaurragarekin atzo gertatutakoaren ardura nagusia PPk eta PSEk dutela irizten. "Argi dago PPk eta PSEk ez zituztela unibertsitatearen beharrak kontuan hartu. Aitzitik, Unibersitate Legea lehendakariari eraso egiteko baliatu nahi izan zuten, jokoan zer zegoen erreparatu gabe. Azken batean, ohikotan Legebiltzarrean aurrera daramaten praxiaren segida izan zen. Haiek dira errudun nagusiak", agertu du.
Nolanahi ere, egoera horretatik SAk ere probetxua atera nahi izan duela salatu du Olanok: "Argi dago debate horretan dagoela baita ere SAren eta Hiruko Gobernuaren arteko harremana, eta SAk bere jokoa egiten duela. EAJ-EA koalizioa maiatzaren 13ko hauteskundeetara mezu argi batekin joan zen, Batasunari zein PSEri elkarlanerako baldintzak batzuk jarrita, eta Hiruko Gobernuak indarrean mantendu dituela baldintza horiek. Batasunari edo SAri esan zitzaion indarkeriaren aurrean jarrera argi bat hartzen ez duen bitartean ez dagoela hitzarmenik. Eta hor hasten da SAren joko maltzurra, konszienteki horrekin jokatzen baitu", esan du.
Batasunako Pernando Barrenak, ordea, oso bestelako irakurketa egin du atzo jazotakoaren inguruan. Esan duenez, ez da bidezkoa jeltzaleek eta EAk PP eta PSEri botatzea errua, "erabakia EAJk hartu baitzuen, eta, beraz, EAJrena baita erantzunkizuna. Zehazki, Olanori erantzun dio ez dela egia berak aipatutako baldintzak beti aplikatzen dituztenik; aitzitik, SArekin hainbat gauza negoziatu dituztela agertu du: "Hilabeteak egin dituzue SArekin negoziatzen, hain zuzen, Unibertsitate Legea negoziatzen. Batzorde horrek lan txukuna egin du, hezkuntzako eragileekin hitz egin du. Halaber, SAk aurkeztutako 60 zuzenketa aztertu ditu, eta haietatik 40 adostu. Ponentzian zehar Hirukoak onartu ditu zuzenketa horiek", adierazi du.
Batasunako buruzagiaren arabera, onartezina da hori guztia hitzartu eta gero, prozesuaren amaieran, atzera egitea. Horren guztiaren atzean, Ibarretxe lehendakariak ezarritako betoa dagoela salatu du Barrenak. "Lehendakariaren betoa izan zen etendura eragin zuena. Lehendakariak nahiago du PP eta PSErekin bat egin SArekin baino", nabarmendu du. Ildo horretatik, Ibarretxek hitzez agertzen duen elkarrizketarako borondatea ez dela egiazkoa iradoki du: "Egunsentiraino elkarrizketak izateko prest dagoela eta horrelakoak esaten ditu Ibarretxek, baina SA hortik kanpora uzten du. Gureganako ez da betetzen lehendakariaren elkarrizketarako gogo hori.Euskal erakundeei eraso egiten dietenekin elkarrizketak izateko irekita dago, baina SArentzat ez".
Nolanahi ere, atzo "politikoki kalteltuena" EA izan zela iruditzen zaio Barrenari. Izan ere, Hezkuntza Batzordeko buru Martin Aranburu eta Hezkuntza sailburu Anjeles Iztueta, biak EAkoak, jeltzaleen jokabideak jokoz kanpo utzi zituela uste du. "Umiliazio handia jasan behar izan zuten biek. Horren aurrean, EAk zerbait esan beharko luke", agertu du.
Barrenari bezalaxe, PSEko Ramon Etxezarretari "harrigarria" iruditu zaio atzo gertautakoaren errua EAJk eta EAK PP eta PSEri egoztea. "Erabakia hartzen duenak hartzen du", azpimarratu du Etxezarretak.
Politikarien solasaldia
Unibertsitate Legearen etena eraginez atzo Legebiltzarrean gertatutakoaren erru nagusia PP eta PSEeri egotzi diete EAk eta EAJk
Unibertsitate Legea SA Sozialista Abertzaleak taldearekin soilik ez hitzartzearren, atzera egin zuen atzo EAJk Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta, ondorioz lege horren bidea etenda geratu da. Nolanahi ere, atzo gertatutakoaren ardura nagusia PPri eta PSEri egotzi diete Euskadi Irratiko politikarien solasaldian EAJko eta EAko ordezkari diren Markel Olanok eta Sabin Intxaurragak. Batasunako Pernando Barrenak, berriz, Ibarretxe lehendakariak SAren aurka ezarritako "betoa" ikusi du horren guztiaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu