Unibertsitate pribatura, laguntza publikoarekin

Nafarroako Gobernuak aldatu egin du unibertsitateko beken deialdia, sistema publikoa lehenesteko asmoz. Opusen unibertsitatean ikasi eta beka jasotzeko, ikasleek aurretik NUPen izena ematea jarri du baldintza gisara, besteak beste. Jasotako kritikak ikusita, atzera bota dute hori. Beken kalkulua aldatuko dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbaki batek jartzen du bistan desoreka: nola banatzen duten unibertsitateko ikasleen beketako dirua. Aurreko urteetakoak dira datuak: Nafarroako Unibertsitateak, Opus Deirenak, ikasleen %18 ditu, baina gobernuak beketarako jartzen duen diruaren %61 jasotzen dute ikasle horiek. «Diskriminatzailea» da egoera. Irmo mintzo da Nekane Oroz, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendaria. Aldatu egin dute beken deialdia aurten, unibertsitate publikoa lehenesteko, eta eztabaida handia sortu da. Hori ikusita, gobernuak «atzeratu» egin du baldintza berrietako bat: ez da beharrezkoa izango lehenik unibertsitate publikoan izena ematea.

Joan den astean argitaratu zuen deialdia Nafarroako Gobernuak, urriaren 31n. Irizpideak aldatzearekin ikasle gehiagorengana iritsiko dira bekak, Hezkuntza Departamentuaren arabera. Kalkulatu dute beka eskuratu ahalko dutela 2.700 ikasle pasatxok; aurreko ikasturtean baino laurden bat gehiago da hori. Unibertsitateen artean banaketa «orekatuagoa» izango dela ere azaldu dute.

Orain arteko banaketa ez zela egokia, hori diote gobernuko ordezkariek. «Ez zen bidezkoa. Nafarroako Unibertsitatearen aldeko diskriminazioa zegoen, eta horrek esan nahi du beste ikasleek ez zituztela haien pribilegioak. Desorekatuak ziren orain arteko deialdiak». Unibertsitate pribatuko ikasleek bi abantaila nagusi zituztela azaldu du Orozek. Batetik, bekaren zenbatekoa: zenbat kobratu behar zuten kalkulatzeko, ez zuten prezio publikoa oinarri hartzen, baizik eta unibertsitate pribatuko prezioa, askoz handiagoa. Horren ondorio da ikasleen %18k jasotzea deialdiaren %61. Bestetik, bekak eskatzeko aukera handiagoa: «Bi diru laguntza lor zitzaketen; Espainiako Hezkuntza Ministerioan ere eska zezaketen».

NUPera lehenbizi

Deialdian beste irizpide batzuk sartu dituzte. Nagusia: Opusen unibertsitatean laguntza eskuratzeko, aurrez NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan izena eman behar izatea, eta azaldu behar izatea zergatik jo duten pribatura. Bi justifikazio bide aipatu zituzten: NUPen ez dituztela hartu —ez dutelako notarik— edo nahi duten karrera ez daukala NUPek.

Horren ondorioa zen Nafarroako Unibertsitatera halabeharrez joan behar izan dutenek bakarrik izatea aukera beka eskuratzeko—bai notagatik, bai NUPen ez dagoelako karrera hori—. Baldintza hori «atzeratu» egingo du orain Hezkuntza Departamentuak, aldizkari ofizialean argitartu eta astebetera. Parlamentuan izan zen atzo Jose Luis Mendoza kontseilaria, eta han iragarri zuen postura aldaketa. Argudioa: «Matrikulak egitean, aurreko urteetako deialdiak izan dituzte kontuan ikasleek, eta, horregatik, puntu horren aplikazioa atzeratu egingo dugu».

Beste aldaketa nagusia beken zenbatekoa kalkulatzeko modua da, eta horrek indarrean segituko du, oraingoz behintzat: prezio publikoak izango dira oinarria. Aintzat hartzeko moduko aldea dago Nafarroako unibertsitate publikotik pribatura. Adibiderako, hartu Lehen Hezkuntzako Irakasletza gradua: publikoan, 954 euro ordaindu behar da ikasturte bakoitzeko, eta pribatuan, 8.682. Orain arteko ereduarekin, pribatuko ikasleei horren arabera kalkulatzen zitzaien beka. Hemendik aurrera, ordea, ez. Publikoko prezioen arabera kalkulatuko dute pribatuko beka, baina igoerak eginez, prezio aldea ikusita. Beka handiena publikoko prezioaren halako hiru adinakoa izango da. Adibidez, Lehen Hezkuntzako Irakasletza pribatuan eginda, 2.862 eurokoa izango da gehienezko beka; gastuaren herena estaliko luke Opusen kasuan. Orozek defenditu du neurri horiekin oraindik «diskriminazio positiboa» dutela pribatuko ikasleek, beka oparoagoak baitituzte.

Parlamentua, zatituta

Familien bekak ukitu dituzte, eta Nafarroako Unibertsitatea dago tartean. Eztabaida heldu da parlamentura. Gobernuari eusten dioten ezkerreko taldeak aspaldi ari ziren aldaketa eskatzen. Beken deialdia «pribatuaren neurrira eginiko jantzia» zela nabarmendu du Miren Aranoa EH Bilduko legebiltzarkideak. Bide beretik jo du Ahal Dugu-ko ordezkari Tere Saezek: «Bekek ez zituzten bereizten publikoa eta pribatua, eta oso injustua da hori. Publikoa lehenetsi behar da». Marisa de Simon, Ezkerrako kidea: «Publikoa lehenetsi behar da lehen aukera gisa».

Aldaketaren aurka UPN eta PP agertu dira. «Zentzugabetzat» jo du aldaketa Carlos Garcia Adanerok (UPN): «Berdinak diren herritarrak desberdin tratatu dituzte». Bide beretik «deialdi ekitatiboa» eskatu du PPko parlamentari Javier Garciak. «Publikoa lehenetsi behar da, baina NUPek ez ditu eskaintzen karrera guztiak, eta karrera batzuk gainezka daude. Saihestu behar dugu Nafarroako ikasleak kanpora joatea. Edo hori nahi dute, EHU bultzatu?». EHUren aipamena zergatik egin duen galdetuta, Garciak dio deialdiak «atea» zabaltzen diela beste unibertsitate publiko batzuei.

PSNk ere bat egin du beken baldintzak aldatzearen kontrako bi alderdiekin. Carlos Gimeno parlamentariaren esanetan, moduarekin daude desados: «Deialdiaren filosofia aintzat har dezakegu, publikoa optimizatzea. Baina ezin dute familiek ordaindu gobernuaren aurreikuspenik eza».

Atzoko aldaketarekin, neurri batean oposizioari arrazoi eman dio Mendozak. Izan ere, hiru alderdien argudioa izan da «partidaren erdian joko arauak aldatzen» ari zirela, ikasturtea martxan zela aldatu dituztelako beken baldintzak. Kazeta honek astelehenean hitz egin zuen Oroz zuzendariarekin gaiari buruz, eta, oposizioaren kritikari buruz galdetuta, hau erantzun zuen: «Nafarroako Unibertsitatera joan direnek badakite pribatuko matrikulak garestiagoak direla; orain arte deialdia modu batez izan da, baina alda daiteke». Epeari dagokionez, zuzendariak azaldu zuen beken deialdia urrian egiten dela, NUPeko matrikularen ondoren. «Aurten pixka bat gehiago atzeratu da, baina hilabete bat. Horrek ez du ezer aldatzen». Hots, beti egiten dela ikasturtea abian dela.

«Partidaren erdian»

Gobernuko laukotearen barruan harridura sortu du Mendozak horrela aldatzea baldintzak orain. «Erabakia hartu dute laukotean ezer esan gabe», ohartarazi du Ahal Dugu-ko ordezkariak. Hala ere, ulerkor azaldu da: «Ulertzen dugu berandu atera dela deialdia, eta orain ezin dela baldintza hori bete». Gainerako irizpideak sartzea aurrerapausoa dela nabarmendu du. EH Bilduko legebiltzarkidea kritikoago mintzo da, eta iragarri du mozio bat egingo dutela deialdari eusteko. «Ezin dugu injustiziara bueltatu. Opusen ezkutuko finantzaketa ziren beka deialdi horiek». Ulergarri zaio Ezkerrari atzera egitea: «Egokia izan dela uste dugu; ez zen egokia baldintzak hala aldatzea».

Deialdiaren aurkako taldeak ere ez dira erabat ase. «Hobe litzateke deialdi osoa atzeratzea, eta eztabaida zabaltzea irizpideei buruz», esan du PSNko ordezkariak. Hori nahi dute UPNk eta PPk ere. Mendozaren lana auzitan jarri dute. Garcia: «Kudeaketa txarra ezin dute ikasleek jasan. Gaitasun falta erakusten ari da kontseilaria, eta aukera asko ari zaizkie ematen». Javier Esparza UPNko burua Mendozari mintzatu zitzaion atzo: «Hau gaizki kudeatua badago, alde egin ezazu: faborea egingo diozu zure gobenuari».

Publikoa lehenesteko bidea gainerako irakastaldietara zabalduko ote den galdetu du PSNk, edo Opusen unibertsitatea tartean delako egin duten aldaketa. «Nafarroako Unibertsitatea lehia gisa hartzen du gobernuak; guk argi dugu zer den publikoa eta zer pribatua, baina Nafarroako Unibertsitateak ekarpena egiten du». Orozek baztertu egin du aldaketa hedatzea. «Egoera ezberdina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.