Unibertsitatea, ezberdintasunen isla

Gazteak unibertsitatera zer ikasi erabakita joaten direla baina erabaki hori gizarteko faktoreek baldintzatuta dagoela dio EHUko Berdintasunerako zuzendariak.

unai zubeldia
Donostia
2007ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hamar ikasletik ia sei emakumeak dira; 15 errektoreetatik 11, berriz, gizonak. «Badirudi emakumeak beti gehiago demostratu behar duela kargu bat lortzeko. Baina gizon izateak inondik inora ez du ezer bermatzen». Mertxe Larrañaga (Azkoitia, Gipuzkoa, 1962) EHUko Berdintasunerako zuzendaria da. EHUko ikasleen eta arduradunen datuei begira, ikasketa batzuk «oraindik oso feminizatuta» daudela dio. «Erizaintza eta Irakasle Eskola, esaterako».

Izan ere, iazko ikasturtean Erizaintza ikasketak egin zituzten ikasleen %86,72 emakumeak ziren, Gizarte Langintzan %82,49 ziren emakumeak, Farmazia ikasketetan %81,89... «Etorkizuneko lan merkatuan pertsonak zaintzeko ikasketak dira gehienak. Emakumeek betidanik familian doan egin izan dituzten lanak dira horiek». Ikasketa horien beste muturrean daude Industri Ingeniaritza Teknikoko ikasketak —%83,20 gizonak dira—, Informatika (%76,99), Ingeniaritza (%70,70)...

Azken urteetan emakumeen presentzia asko hazi da unibertsitatean. Iaz, esaterako, EHUko ikasleen %56,03 emakumeak ziren. Baina kantitateak ez du kalitatea bermatzen. Kopuruz gero eta emakume gehiago daude unibertsitatean, baina emakumeak ikasketa jakin batzuetan pilatzen dira, eta kargudun emakumeak, oraindik, gizonak baino gutxiago dira.

Eta, errealitate horren ondoan, ikasketa batzuen feminizazioaren atzean zer errealitate dago? Zerk eragiten du desoreka hori? «Gazteak unibertsitatera zer ikasiko duten erabakita iristen dira, eta ezinda garbi jakin zergatik dauden desberdintasun horiek. Baina garbi dago erabaki horretan faktore askok daukatela eragina: aurretik dauzkaten erreferentziek, familiak, unibertsitatera iritsi aurretik jasotako hezkuntzak...». Eta lan munduaren ikuspegiak. Izan ere, Larrañagaren hitzetan, gazteen ikasketak eta etorkizunean lan munduan izango dituzten erraztasunak eta zailtasunak elkarrekin lotuta dauden ezaugarriak dira. «Unibertsitatean gizarteko ezberdintasun guztia neurri berean islatzen da».

Larrañagak onartu du zuzendaritza taldeetan emakumeen presentzia handitzen ari dela. «Baina kopurua txikia denean erraza da hazkundea lortzea». Haren hitzetan, berdintasuna lortzeko, ez da denbora soilik beharko. «Egia da denbora faktore bat dela. Emakumeak lan merkatuan gizonak baino geroago sartu dira, eta unibertsitatean ere hala gertatzen ari da. Baina urteak pasa ahala gauzak konponduko zirela uste genuen, eta argi ikusten ari gara errealitatea ez dela uste genuenaren parekoa».

KATEDRADUNEN %80, GIZONAK. Ezberdintasunak azaltzeko, beraz, zerk dauka denborak adinako eragina? «Beste enpresetan gertatzen den moduan, kargu horietan daudenei familiako bizitza egokitzeko erraztasunak eman beharko litzaizkieke». Denborak edo bizitza egokitzeak ez du katedradunen kasua argitzen laguntzen, ordea. «Ez da normala emakume katedradunen ehunekoa hain txikia izatea (%19,60). Horrek, ziurrenik, diskriminazioren bat egon daitekeela adierazten du. Ehuneko hori igotzea komeni da». Igo bai, baina nola? «Aditu batek zioen moduan, gizonek daukaten moduan, emakumeok ere gauzak erdipurdi egiteko eskubidea behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.