Unibertsitateetan egin beharreko murrizketen proposamena aurkeztu die gaur arratsaldean Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei. Matrikulen prezioa igotzea da proposamen nagusia: ikasleek pagatzen duten portzentajea %25era igotzea nahi du PPk (gaur egun %15 bueltan ordaintzen dute). Hona neurri nagusiak:
1. Prezioak. Ikasleek gehiago pagatzea unibertsitatean ikasteko: gastu osoaren %25 arte. Ikasgaiak gainditu ezean, garestitzen joango da, honako hurrenkerarekin: bigarren deialdian %30-40 pagatu beharko da, hirugarrenean %65-75 eta hortik aurrera %90-100.
2. Ikasketa kopurua. Unibertsitate gehiegi daudela esan eta esan ari da Jose Ignacio Wert ministroa. Orain, "gogoeta" hori egitea erkidegoen esku utzi du. Elkarrekin hitz egiteko eskatu die, eta erabakitzeko noiz den karrera bat "bideragarria"; hots, gutxienez zenbat ikasle behar dituen karrera batek aurrera egiteko.
3. Irakasleak. Ikertzen ez duten irakasleei lan zama handiagoa jarri nahi die Espainiako Gobernuak. Ikerketan seiurtekorik ez dutenek eskola ordu gehiago ematea proposatu du. "Espezializatu egin behar dute: ikerkuntza edo irakasletza", esan dute. Ez dute ordu kopururik zehaztu.
4. Kontrola. Unibertsitateen gastuak eta defizita kontrolatzeko eskatu diete erkidegoei. Lan eskaintzak ere erkidegoetako gobernuek begiratuko dituzte.
Bileran hitz egindakoari buruzko oharra aurki bidali du Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Aurreratu du ez duela bere egingo unibertsitateko prezioak garestitzeko proposamena. "Euskadin inor ez da geratuko unibertsitatera joan gabe baliabide faltagatik", esan du.