Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak iragarri du unibertsitateetako bekak aztertuko dituela. Gaiak hausnarketa sakona behar duela zehaztu du, eta erantsi ez duela beketara bideratutako diru baliabideak murrizteko asmorik, baina nabarmendu du beken erabilerari buruz kezkak dituela: «Bekak lehiakorra ez den ekarpen bat bihurtu dira; alegia, maila ekonomiko baten arabera, beka jasotzeko eskubidea dago. Maila sozioekonomikoak erabakitzen du beka, eta, praktikoki, errendimenduak ez du baldintzatzen beka ematea eta harekin jarraitzea». Wertek azaldu du nahiago duela bekak emaitza akademikoen araberakoak izango balira familien errenten araberakoak izan beharrean.
Foro Nueva Sociedad elkarteak Madrilen atzo antolatutako hitzaldi batean agertu zituen Wertek bere ideiak. Mezenazgoaren Legearekin Espainiako Gobernuak lortu nahi duena ere azaldu zuen hitzaldian: «Urrats bat egin behar da, eta lortu behar da enpresarien sarea unibertsitatera gerturatzea, eta unibertsitatearen kudeaketara gerturatzea». Munduko 150 unibertsitate onenen artean ez dagoela Espainiakorik oroitarazi zuen Wertek, eta erantsi zuen Mezenazgoaren Legeak horretan hobetzen lagunduko duela.
Unibertsitateko bekak emaitzen arabera jasotzea aztertuko du Espainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu